Olentzerok badu bere oparia

Gogoz eta ilusioz aritu dira ikasleak proiektuan lanean.

Abenduaren 23a etxeko txikienek urte guztian zehar gogoz eta ilusioz itxaroten duten eguna da. 23a, bai; egun horretan egiten du Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak Olentzeroren eta Mari Domingiren jaia Errenteria-Oreretan. Herriko Plaza lepo uzten dute haur eta gurasoek, oso jendetsua da. Aste gutxi falta dira bide luzean zehar bikoteak egingo duen hamazazpigarren geldialditxorako. Aurten, gainera, haurrak ez dira opariak jasoko dituzten bakarrak izango. Herriko ikasle talde batek ere opari oso berezia egin nahi izan die Gabonetako protagonistei.

Lau Haizetarari esker iristen dira Olentzero eta Mari Domingi abenduaren 23an herrira, eta azken proiektu honetan ere gidari lanak egin dituzte bertako kideek. Alaberga auzoko Deikagest zentroarekin elkarlanean, opari oso berezi batean ibili dira lanean.

Eguberriko atrezzo-ari begira, «salto kualitatiboa» eman nahi izan dute aurten. «Urtez urte ekitaldia aberasten joan gara eta aurten aurrera pausu bat eman nahi izan dugu», kontatu du Lau Haizetarako kide Xixilio Maritxalarrek. Hala, zentroko ikasleei eskaera zehatza egin zieten: Olentzero eta Mari Domingirentzako etxetxo baten eszenografia egitea, Herriko Plazan jartzen duten gunea apaintzeko.

Eta zer nolako erantzuna eman duten ikasleek. Sukalde itxura duen euskarri ederra egiten ari dira, egurrezkoa osorik, eskuz. Orotara, bost metroko luzera izango du, eta bi hilabetez gogor egin behar izan dute lan ikasleek den-dena prest edukitzeko.

«Bigarren mailakoek lan sendoagoak eskatzen dituzte, zailagoak eta gogo handiarekin hartu dute proiektua», kontatu du Unai Gabilondo zentroko irakasleak. Aukera paregabea ikusi du zentroak elkartearen proposamenean. «Beraien beharra gure beharrekin batu da, oso aberasgarria izan da», gehitu du irakasleak.

Gainera, ikasleek ere oso ondo erantzun dutela onartu du. «Beraiek egin dute dena, nik bidea egiten utzi diet. Lanean ari ziren bitartean ideia berriak sortu zaizkie, eta bidean aldaketa mordoa egin dizkiote, euren gustura». Eta horrela, prozesua errazagoa izateaz gain, emaitza ere primerakoa izan dela aitortu du bai irakasleak baita Lau Haizetarako kideak ere.

Gazteei bidea egiten uztea izan da elkarteko zein Deikagesteko kideen ahotan, proiektuaren giltzarrietako bat. «Oso gustura ibili gara lanean, esperientzia polita izan da. Egia esan, beste lanak baino interesgarriagoa izan da, nahi genuena egiteko askatasuna eman digutelako», azaldu du zentroko ikasle batek.

Maritxalarrek gehitu duenez, proiektuarekin «denek» irabazi dute, Olentzerok eta Mari Domingik, baina baita ikasle eta irakasleek ere. «Denentzako onuragarria izan da proiektua eta gazteentzako animikoki lagungarria izan dela uste dut», gehitu du.

Gabonetako klasikoa
Gabonetako agendaren barruan, ekitaldi klasiko bilakatu da azken urteotan bi pertsonai mitologikoen bisita, ezinbestekoa herriko haur eta gurasoentzat.

2002. urtean jaitsi ziren lehenengoz mendiko baserritik Lau Haizetarara, eta ordutik, ez dute hitzordurik galdu. «Lehenengo urtean 80 lagun inguru gerturatzen ziren Herriko Plazara, orain, berriz, 500-600 haur eta euren gurasoak etortzen dira, ikaragarria da». Ehunka metroko ilara sortzen da udaletxe inguruan, eta normalean, Foru Enparantzaraino iristen da.

Aurten, Maritxalarrek hamazazpigarrenez jantziko da Olentzeroz. «Olentzero izatea plazer hutsa da niretzat. Urteak badira, baina oraindik gratifikantea izaten jarraitzen du».

Bestalde, Olentzero eta Mari Domingiren ekitaldirako, edota bestelako egitasmoetarako Lau Haizetara elkartearen ateak denentzako zabalik daudela gogoratu du Maritxalarrek.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend