Babes handiarekin, Koxtapeko zuzendaritzaren lana berretsi dute bazkideek

trainerillak.koxtape

Koxtaperen ontzien biltegia, gaur goizean.

Pasai Donibane-Koxtape Arraun Elkartearen ezohiko batzarra egin zen atzo arratsean. Bi gai nagusi, bat gai zerrendan hala azaldua: “Sei emakume arraunlarik 2018ko azaroaren 12an emandako elkarrizketaren ondorioz sortutako egoeraren azalpena”. Bestea, bateleren gaiagatik, zuzendaritza batzordea berresteko bozketa. Bada talde sanjuandarreko bazkideek erabaki dute, gehiengo oso zabalaz, egungo zuzendaritza batzordeak jarraitu behar duela, haien lana egokia dela: 130 aldeko boto izan zituen zuzendaritzak (%75,14), 28 kontra, abstentzioak zazpi izan ziren, eta baliogabeak zortzi.

Gaia latza izanda ere, lasai, normaltasunez joan zen batzarra. Zuzendaritzak gaiaz duen ikuspegia azaldu zuen. Eta taldeko arraunlari izandako emakumeek ere euren azalpenak eman zituzten. Bazkideek ere izan zuten hitz egiteko aukera.

Gaur (larunbata) HITZA emakume arraunlarien krisiaren bi aldeekin izan da, Xabier Arraras presidentearekin eta talde arrosarekin dena irabazitako arraunlariekin. Ane Arbillagak esan duenez, norberak bere ikuspuntua defendatu egin zuen atzoko batzarrean, eta haiek taldea zergatik utzi duten azaldu zuten bazkideen aurrean. “Ez genuen asko hitz egin. Batzuren kasuan, haien izenak atera ziren asanblean. Defendatu egin ginen. Gezurra zirenei aurre egin genien”. Askoz gehiago esateko ez dutela azaldu diote batelera izandakoek HITZAri: “Klubak aurrera jarraitu behar du, ez dago besterik”.

Xabier Arraras klubaren presidenteak atzokoaz sentimendu gazi-gozoak ditu. Baikor azaldu da bazkideek bera buru duen zuzendaritza babestu dutelako gehiengo zabalaz, “gure bazkide gehienen babesa dugula jakitea pozgarria da. Baina bestetik tristura dugu. Horrelako egoera batean izatea tristura sortzen dit. Kasu honetan pentsatzen dugu inor ere ez dela irabazle atera, elkartea eta herria dira galtzaile atera direnak. Horrelako egoera bat ez da inorentzat ona”.

Aurrera egin. HITZAri egindako adierazpenetan behin, bitan, hirutan aipatu du Arrarasek aurrera egitearen nahia. “Bazkideen laguntzarekin eta babesarekin aurrera egingo dugu. Ilusio guztiarekin berriz ere goi mailan egoteko lan egingo dugu, eta halakorik berriz ere gerta ez dadin”. Elkartearen presidenteak berretsi du emakumeen trainerua osatzeko lanean ari direla. “2010ean hutsetik hasi ginen emakumeen trainerua osatzen. Orain ez da horrela. Ez gara hutsetik abiatuko. Gazte Mailan arraunlari oso onak dauzkagu. Garbi dagoena da berehala ez dutela lortuko taldea utzi dutenen maila, baina lanerako prest gaude, Batelerak trainerua ateratzeko gogotsu daude, horren alde borrokatuko dugu. Gure helburua da berriz ere goi mailan izatea, eta garaipenak berriz ere herrira ekartzea”.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend