Trintxerpeko pasabidearen inaugurazioan atxilotu zuten herritarra babestu dute Lezon

elkarretaratzea.lezo

Gurutze Santuaren plazan bildu direnen irudia.

Gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute Lezoko Gurutze Santuaren plazan, azaroaren 21ean Trintxerpe-Herrera pasabidearen inaugurazioan izan ziren agintariei herritar batek errautsa bota eta gero “bortizki atxilotua” izan zelako, “agintarien aurkako erasoa egiteagatik salatu dute. Ekintza metaforiko horren bidez herritarrek egunero jasaten duten kutsadura salatu nahi zuen”. Hamarnaka izan dira mobilizazioan egon direnak, eta bertan zabaldu duten babes agiria sinatu dutenak, momentuz, 110 bat izan dira. Lezoko herritar talde batek antolatutako batzarraldia izan da.

“Izugarrikeria onartezina” da ekintza egin zuen herritarren kontrako salaketa, lezoarren ustez. “Bortizkeria instituzionala” izan zen egun hartan herritar hark jasandakoa gaurko elkarretaratzean esan dutenez. Eta “herritarren protestak kriminalizatu” beharrean, “bizilagunak entzun” behar dituztela esan diete ordezkari politikoei.

Horregatik guztiagatik, lau puntuko agiria egin du Lezoko bizilagunen talde horrek. Herritarren sina dezaten dei publikoa egin dute. Honakoa da, hitzez hitz, agirian agertzen diren eskaeren zerrenda:

  1. Pasaiako badiaren inguruko herritarrak, egunero eta hainbat hamarkadatan, jasaten ari garen aire kutsadura jasanezina salatu nahi dugu. Inaugurazio egunean agintarien jantzietan pausatutako errautsa herritarrok irensten dugunaren zati ñimiño bat besterik ez da.

  2. Airearen kutsadura, eta portuko zamalanak burutzeko segurtasun neurri eza salatu diren bakoitzeko, Portu Agintaritzaren erantzuna bera izan da beti: gutxiespena, aitzakiak, erantzun partzialak, eta ez, inondik inora, badiaren biziberritze integrala.

  3. Portuko Agintaritzak bere jarduera ekonomikoak herritarron osasunarekiko inongo begirunerik gabe burutzen ditu. Are gehiago, jarduera kutsakorrenak herritarren etxebizitzetatik gertu burutzen ditu, portuan aparkatuak dauden auto berriek inongo kalterik izan ez dezaten. Portuko Agintaritzak autoen garbitasuna lehenesten du gure seme-alaben biriken osasuna lehenetsi ordez.

  4. Felix Gartziandia jauna, portuko lehendakaria, salatu nahi dugu azaroaren 21ean, Trintxerpen, gure bizilagunaren aurka erabilitako indarkeriagatik, irudi horrek auzo lotsa eragin zien harekin zihoazen kargudunei ere. Indarkeria erabili izanak, herritarrak horren lekuko, herritarrekiko eta gainerako agintariekiko mespretxua eta pertsonen izaera erakusten du. Horregatik eta portuaren kudeaketa desegokiagatik bere berehalako dimisioa eskatzen dugu.

Lezoarrek aipatu dute Munduko Osasun Erakundearen 2016ko txosten batean jasota dagoela airearen kutsadura haurren arnas aparaturako, eta garapen psikiko eta motorrerako kaltegarria dela.

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend