Lezok baditu 2019rako aurrekontuak, gobernu taldearen aldeko bozkekin, eta EH Bilduren kontrakoekin

lezo

Lezoko ikuspegi orokorra.

Joan den ostegun arratsean egin zuten udalbatzarrean onartu egin zuten Lezoko zinegotziek 2019rako aurrekontu proposamena. Gobernu taldeko bi alderdiek (EAJ eta PSE-EE) kontuen alde egin zuten, eta EH Bilduk kontra. Lehenek duten gehiengoagatik, aurrera atera zen proposamena.

Hurrengo urtean, Lezok 8,7 milioiko aurrekontua izango du. Aurtengoa baino 300.000 euro gehiago ditu 2019ko aurrekontu proposamenak, eta inbertsioetarako aurtengoan baino 63.700 euro gehiago aurreikusi dituzte, 691.000 euro orotara. “Eraginkortasunez eta era iraunkorrean kudeatzea eta inbertitzea da helburu nagusienetakoa, herritarrek jasan beharreko presio fiskala baretzea, eta horien bizi kalitatea hobetzea”, esan du gobernu taldeak.

Irisgarritasunaren alorrean, Villa Bat eta bukatzear den igogailuaren artean zig-zag erako bidea egitekoa da egitasmo nagusia, Lezoko erdigunea eta Altamira ingurua lortuko dituen igogailu berriaren osagarri bezala.

Aurrekontuetan jasota dago herriko kultura eta kultur jarduerak indartzea, udal gobernu taldeak esan duenez. Hala, kultur ekitaldientzat eta jaientzat nabarmen hazi da aurrekontua. Kirolean ere izango dira igoerak, adibidez, adinekoen programak indartzeko —Tipi-Topa, edo orientazio zerbitzua—, Altzateko igerilekuan ur jolasak eraikitzeko (100.000 euro), kiroldegiko ekipamenduak hobetzeko, edo skate park-ean eguneratze lanak egiteko.

Enplegu Planean ere indarra jarri dute kontu berriek, gobernu taldeak iragarri duenez. Oarsoaldea Garapen Agentziarekin elkarlanean dihardu udalak zeregin horretan, tartean, langabezian dauden lezoarrei aukera berriak eskainiz. Bestalde, gizarte programa, zerbitzu, prestazio eta laguntzak mantendu egingo dira gobernu taldearen arabera, (Bidez Bide barruan dela).

“Lezoarrei herri garbi eta atsegina eskaintzen jarraitzeko”, hainbat mantenu lan gauzatuko dira herriko ibaietan, lorategietan, saneamendu sarean, argiztapenean eta errepideetan 2019an zehar.

EH Bilduren ezezkoa
Aurrekontu proposamenaren kontrako botoa eman zuten EH Bilduren zinegotziek. Koalizioko kideen ustez, ongizateko ataleko diru sail batzuetan jaitsierak daude, enplegukoetan ere, “eta kulturako igoerak jaietan nahiz kultur ekitaldietan daude, azken kasu honetan %100ekoa. Hori zertarako zen galdetuta, ez ziguten erantzunik eman”.

Koalizioko kideek esan dutenez, 2018ko aurrekontuetan herritarrek 100.000 euroko partidarekin zer egin erabakitzeko aukera izan zuten, auzoak hobetze aldera, “2019an partida hori zero eurokoa izango da”.

Gainera, EH Bilduk argudiatu du, ongizatearen alorrean, gizarte bazterketaren saileko diru partidak jaitsiera duela, baita adingabeei bideratutakoak ere. Enpleguaren atalean ere murrizketa izan dela salatu du, eta euskarako diru laguntzetan ere jaitsiera dagoela.  “Guk planteatu genuen jaitsiera horiek ez egitea, 2018ko aurrekontuan zeudenak mantentzea. Ez zuten onartu. Plenoan gai horiek puntuz puntu bozkatzeko aukera ere plazaratu genuen, baina erantzuna ezezkoa izan zen. Horregatik eman genion ezezkoa aurrekontuaren planteamendu orokorrari”.

Lezoko EH Bilduk azaldu du azken bi agintaldietako aurrekonturik altuena izango duela udalak 2019an, “esate baterako, 2013ko aurrekontua 7,15 milioi eurokoa izan zen. Ulergaitza iruditzen zaigu hainbat arlotan jaitsierak izatea, aurrekontua nabarmen hazi denean azken urteetan”.

Bestelako gaiak
Osteguneko udalbatzarrean alderdi politikoen arteko adostasuna egon zen hainbat gaitan. Adibidez, hainbat adierazpen aho batez onartu egin ziren: Haurren Munduko Egunarena, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunarena, Euskararen Egunekoa, edo pertsona nagusien balioaren eta eskubideen defentsarena.

Herrikide adinekoentzako egunekoa arreta zerbitzuaren araudiak ere argi berdea jaso zuen zinegotzien partetik. Udaleko Gizarte Zerbitzuek eskainiko dute zerbitzu hori aurrerantzean, eta beharrezkoa zen araudia egin eta onartzea.

Horrez gain, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Estrategikoa eta Kudeaketa Plana (2018-2022) ere aurrera atera ziren, hautetsi guztien oniritziarekin. Horren arabera, udaleko sail bakoitzaren egoerari buruzko analisian oinarriturik, lortu beharreko helburu estrategikoak eta zehaztutako epean jarraitu beharreko irizpide linguistikoak ezarri dira.

Planaren helburu nagusiak honakoak dira:

  • Herritarren harremanetan euskara zerbitzu hizkuntza izatea bermatzea, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuz beti ere.
  • Beste administrazioekin erabilitako hizkuntza euskara izatea bermatzea.
  • Administrazioan euskara lan hizkuntza izatea bermatzea.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend