[Galeria] Literaturaren zuhaitz ardaska gazteak saritu dituzte

Atzo banatu zituzten, 31. aldiz, Oiartzungo Prosa eta Poesia Lehiaketako Sariak; 'Hitzen lihoa' zikloaren azkeneko ekitaldia izan da
prosa eta poesia lehiaketa 2018

Ekitaldiaren ondoren, sarituek, epaimahaikideek, musikariek eta ilustratzaileak familia argazkia atera zuten.

Orain arte Txerri Egunarekin bat egiten zuen Oiartzungo Prosa eta Poesia Lehiaketako sari banaketak. Aurten, estreinakoz, Xabier Leteren heriotzaren urteurrenean banatu dituzte. Hitzen lihoa ekitaldi zikloa itxi zuten atzo arratsean, Lete bera gogoan edukita, kultur transmisioa ardatz izan duen iniziatibak.

Ioritz Aizpuru Euskara zinegotziak eta Aitziber Arnaiz arlo bereko teknikariak gidatu zuten saioa. Musika berriz Ibargain Musika Eskolako Haizea Lekuona (flauta), Amaia Mitxelena (abeslaria), Oihane Mitxelena (akordeoia) eta Edurne Saizar (pianoa) arduratu ziren. Leteren kanta banarekin, noski, hasi eta bukatu zuten saioa.

Bitartean, sarituak banan-banan igotzen joan ziren udaletxeko pleno aretoko oholtzara, eta beren lanar —edo haren zati bat— irakurtzen zuten. Jokin Mitxelenak narrazio eta poema bakoitza ilustratzen zuen. Tinta gastatzeaz gain, izerdia ere majo bota behar izan zuen.

Sariak eta sarituak

Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 18 urtera arteko ikasleek aurkeztu zituzten lehiaketarako sariak. DBH 3ra arteko irabazleek Urrats liburu dendan gastatzeko bonua jaso zuten, eta koskorrenek, berriz, eskudirua. Gainera, Jokin Mitxelenak egindako ilustrazioa etxera eramateko aukera izan zuten.

Epaimahaikideak honakoak izan ziren: Pello Añorga Lopez ipuin-kontalari eta idazlea; Sohalge Arbelaitz Kortabarria irakaslea; Izar Azpiroz Iragorri matematikari eta irakaslea; Imanol Irigoien Aranberri poeta eta margolaria; Goiatz Labandibar Arbelaitz kazetari eta idazlea; Aingeru Palomo Zabala irakaslea; Marijo Telletxea Tolosa irakaslea; Intxixu AEK euskaltegia eta Ttur-Ttur Euskaltzaleon Bilgunea. Eurek banatu zituzten sariak, baita Arantza Letek ere, Xabierren arrebak. Txalo artean jaso zuten. Sarituak, berriz, honakoak izan ziren:

Prosa

  1. saila: Aiara Inciarte Cintero eta Mireia Sagarra Martin.
  2. saila: June Escano Urdanpilleta eta Maddi Mitxelena Iriondo.
  3. saila: Aritz Aparicio Pagadizabal eta Lorea Kortajarena Mugika.
  4. saila: Ekhi Astibia Getaria eta Lur Lopez Fraile.
  5. saila: Udane Ibarguen Karrera eta Eider Ormaetxea Romero.
  6. saila: Lur Gaztelumendi Beristain eta Josu Ibarguren Elosegi.

Poesia

  • 3. saila: Lua Gonzalez Capelo eta Araitz Irastorza Urruzola.
  • 4. saila: Ane Garmendia Irastorza eta Lur Lopez Fraile.
  • 5. saila: Amaiur Aranburu Gorrotxategi eta Maren Elizetxea Castiñeyra.
  • 6. saila: Malen Elizasu Manterola eta Leire Ugartemendia Arruabarrena.
Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend