Baratze parkeko errekaren ertzak egonkortuko dituzte lan horiekin. Datorren astean hasiko direla lanak aurreikusi du udalak.
Baratze Parkeko erreka ertzean higadura arazoak daudelako egingo dituzte lanak.
Olatzar errekako ertzak egonkortzeko lanak egingo dituzte eta bioingeniaritzako teknika bidez erabiliko dituzte horretarako. Datorren astean hasiko direla lanak aurreikusi du udalak. Horren harira bioingeniaritzaren gaineko tailerra emango du Paola Sangallik, Paisaiaren Ingeniaritzaren Espainiako Elkartearen lehendakariordeak astelehenean (hilak 10) 10:00etatik 13:00ak arte.
Lezoko Udalak antolatu duen tailer horretan Kutxa Ekoguneak ere hartuko du parte, eta Gipuzkoako Baratze Parke Sareko jardueren eskaintza programan txertatu dute.
2016an Baratze Parkeko erreka ertzean higadura arazoak zeudela ohartu ziren, zehazki, Lezoko Baratze Parkeko zubia eta etxolaren artean. Arazoei nola aurre egin aztertuta, bioingeniaritza teknikak erabiltzea erabaki zuten. Azken horrek landare biziak eta landare zatiak obra material gisa erabiltzen ditu. Material horiek, lurra eta harriekin batera erabiliaz, gunea modu azkar batean neutralizatzen da. Geroz eta zabalduago dago bioingeniaritza, batez ere erreka ertzetan egonkortze lanak egiteko. lehen aldia da horrelako obra bat egiten dela Lezon.
Lanen barruan, gaur egun dagoen zubia kenduko dute lehenik, errekari leku gehiago utzi eta ertzen maldak gutxitzeko. Ertzak espezie ezberdinetako landare bizi eta enborrekin egonkortuko dira, zenbait puntuan harriak ere erabiliaz. Amaieran zubi berria, bost metro luze ingurukoa jarriko da.
Astelehenean egingo duten tailerrak bioingeniaritza zer dena azaltzeaz gain, Olatzar errekan egingo diren lanak erakustea du helburu, oso praktikoa izango da eta maketak erabiliko dituzte bioingeniaritza teknika ezberdinak erakusteko.