Lan istripua salatzera deitu du ezker abertzaleak
Elkarretaratzea egingo dute gaur 18:00etan atzo Masti Loidin izandako lan istripuan hil zen langilearen heriotza salatzeko.
63 urteko langile bat hil zen atzo goizean lanean ari zen bitartean Masti Loidi industriaguneko K2glass enpresan. Furgonetatik erorita hil zen, eta ikerketa abiatu dute zergatik erori zen argitzeko. Oreretako ezker abertzaleak elkarretaratzera deitu du gaur bertan beharginaren heriotza salatzeko. 18:00etan izango da elkarretaratze hori Niessen merkatalgunearen sarreran Prekarietateari Stop goiburuarekin, eta herritar guztiak deitu ditu parte hartzera. Doluminak eta elkartasuna adierazi dizkio ezker abertzaleak hildako langilearen senide eta gertukoei, lehenik, eta hildako langilearen heriotzaren arrazoiak eta bere lan baldintzak ikertzea eskatu du. Atzo Errenteria-Oreretan hil zen langilearekin, 66 dira aurten Euskal Herrian lan istripuz hil diren beharginak. Horiek murriztu beharrean, urtetik urtera lan istripuen kopurua handitzen ari dela salatu dute elkarretaratzearen deitzaileek, “langileriari ez zaigu lan osasunerako eskubidea bermatzen, ez zaigu etxera bizirik itzultzeko eskubidea bermatzen”. Lan istripuak “laneko biolentzia” direla esanda, horiek arazo sozial larria direla erantsi du ezker abertzaleak, “arazo estrukturala, inposatzen diguten politika neoliberalen ondorio zuzena. Prekarietatea, enpleguaren kalitate eskasa, eta prebentzio neurri egokiak ez hartzea dira lan istripuen oinarrian dauden egiturazko arrazoiak”. Mobilizazio eta borrokarekin erantzungo diotela patronalak langileon aurka erabiltzen duen biolentziari erantsi du, “langileen eskubideen alde eta prekarietatearen aurka egingo dugu”, eta osasunaren babeserako sistema alternatiboa exijitu du, “pertsonen bizitza eta osasuna erdigunean jarriko dituena”.