Ondoen aritzen denak jantziko du Xenpelar sariketako txapela. Igandean jokatuko da finala Niessen Kulturgunean 17:00etan hasita.
Jon Maiak jarri zion txapela Maialen Akizuri, Xenpelar Sariko aurreko ekinaldiko irabazleari.
Xenpelar Sariaren irabazleak txapela jantziko du igandean. Orduan jokatuko da, Niessen Kulturgunean 17:00etan hasita Euskal Herriko bertsolari gazteei begirako sariketaren finala. Oholtza gainean orain arte jokatu dien hiru kanporaketa saioetan zuzeneko txartela lortu duten Eli Pagola hernaniarra, Jon Gurrutxaga azpeitiarra, eta Aitor Salegi zestoarra, eta beraiekin batera, Joanes Illarregi leitzarra, Jokin Bergara eibartarra, eta Ane Zuazubiskar arrasatearra.
Agurraren ostean, hiruna bertso sortu beharko dituzte sei bertsolariek gaia emanda, neurri eta doinu librean, beste horrenbeste, ofiziotan neurri eta doinu librean, bi bertso zortziko txikian puntuari erantzuten, eta bertso bakarra bederatziko txikian hitza emanda. Lana biribiltzeko, eta txapela lortzeko puntuka sei bertso osatu eta zortziko handian hiru bertso bakarka josi beharko dituzte. Horien artetik puntuazio gehien jasotzen duten bi bertsolarien arteko buruz burukoa helduko da; hiru bertso osatu beharko dituzte ofiziotan
Aizak hi mutil mainontzi doinuan, eta hiru bertso kartzelako ariketan neurri eta doinu librean. Ondoen aritzen denak jantziko du Xenpelar sariketako txapela.
Bi urtean behin antolatzen dute Xenpelar Bertso Eskolak eta Ereintza elkarteak Xenpelar Saria. Orain arte jokatutako saioetan bertsolari gazteak zein baino zein orekatuago aritu direla nabarmendu dute antolatzaileek, eta ale bikainak eskaini dizkietela ikusleei, “oso gazteak badira ere, heldutasun handia kaleratu dute parte hartzaileek”.
Sorreratik, bertsolari gazteentzat erreferentzi garrantzitsua izan da Xenpelar Saria. Gaur egun, beste lehiaketa batzuk ere antolatzen diren arren, gazteentzat lehiaketa garrantzitsua izaten jarraitzen du.
Bertso paper lehiaketen sari banaketa
Xenpelar saria ez da asteburuan izango bertsolaritzarekin lotutako ekitaldi bakarra. izan ere Zapirain eta Ibon zabala Bertso Paper lehiaketen sari banaketa egingo dute hilaren 8an, 12:00etan hasita Xenpelar etxean. Banaketarekin batera, bertso saioa antolatu dute.