Urtez urte familia handitzen

Klub txikia izan arren, 2015etik lezoarren artean saskibaloia zabaltzea izan da Kurkubi taldearen zeregin eta asmo nagusia, eta pixkanaka lortzen ari dira.

Gizonen Senior taldeko jokalariak. Garai bateko Alerru taldeari hartu diete lekukoa gazteek

Urte luzez itzalean egon den arren, saskibaloiak berriz ere indarra hartu du Lezon. Herriko haur eta gazteen artean futbola bereziki eta eskubaloia nagusi diren arren, bere txokoa aurkitzea lortu du Kurkubi saskibaloi taldeak. Lan gogorra egin behar izan dute klubeko kideek azken urteotan, egun dituzten hiru taldeak urtez urte mantendu ahal izateko. Kosta ahala kosta talde lehiakorrak osatu dituzte, eta urtero, Kurkubi familiaren kopurua goraka doa.

Orain dela hiru urtetik, Lezoko saskibaloi zaleek euren kuttuneko kirola praktikatzeko aukera dute, herrian bertan, inguruko taldeetara ihes egin behar izan gabe. Kurkubi taldearen sorrerarekin batera, herriko saskibaloiaren gorakada etorri da. 2015ean eman zuen Irlentz Quiñones lezoarrak taldea sortzeko pausoa, berak bizi ezin izan zuen errealitate hura egi bihurtu ahal izateko. «Infantila nintzenean ezin nuen hemen Lezon saskibaloira jokatu. Ez dut sekula hemen jokatzeko aukerarik izan», azaldu du. Herrian, Eskola Kiroletik harago, saskibaloian jokatzeko «gabezia» bat zegoen, eta egoerari buelta emateko beharra ikusi zuten herriko zenbait saskibaloi zalek. «Nik eta nire lagun askok egin izan ez genuena gazteei eskaintzeko sortu genuen taldea». Orain arte, zuzendari lanaz arduratzeaz gain, Quiñones gizonen Senior taldeko jokalari eta entrenatzaile bezala aritu da, eta egun nesken bi taldeak gidatzen ditu.

Garai bateko Allerru saskibaloi talde haren lekukoa hartu du Kurkubik, Lezo berriz ere Euskal Herriko saskibaloiaren mapan jartzeko, kantxan elastiko berdeak saltoka jarriz. Egun, infantil eta kadeteen kategorietako neska talde bana du Kurkubik, eta gizonezkoek, berriz, Senior talde bakarra dute (Gipuzkoako Hirugarren Mailan jokatzen dute, eta sailkapen nagusiaren goialdean daude). Seniorra izan arren, talde gaztea da, 20-22 urte bitarteko jokalariek defendatzen baitute Kurkubiren kolore berdea.

Zuzendariak kontatu duenez, herrian talde bat ez izatearen ondorioz, saskibaloi zale gehienek Lezotik at jokatzeko hautua egin behar izan dute orain arte. Azken urteotan, ordea, kirol egitasmoa herriko haur eta gazteengana iristen ari direla aitortu du, eta bereziki herriko nesken artean «arrakasta» izan duela eskaintza berriak. Barrez, neskei «saskibaloiaren pozoia» sartu dietela kontatu du, gero eta gehiagok egiten dutela saskibaloiaren alde.

Quiñones Lezoko Institutuko irakasle izandakoa da, eta gertutik ezagutzen ditu bai nesken eta mutilen taldeetako jokalari asko. Horrek, euren arteko lotura ekarri duela onartu du, familia osatzea lortu dutela, eta ondorioz, sekulako giroa sumatu daitekeela aldageletan. «Oso pozik nago orain arte lortutako emaitzarekin».

Txikia, baina sendoa
Kurkubi, Oarsoaldeko talde txikiena dela esan daiteke. Txikitasun hori taldeko kirolarien kopuruan ere islatzen da, eta ondorioz, batzuetan zailtasunak izaten dituztela aitortu dute, partida guztietara nahi bezala iritsi ahal izateko. «Lana, ikasketak eta bestelakoak direla eta, askotan jokalariak faltan izaten ditugu», onartu du. Anekdota moduan, aurreko sasoian partidaren batean hiru lagunekin jokatu behar izan zutela kontatu du lehendakariak, bost jokalarirekin joan arren, faltak tartean, ia taldearen erdiak zelaia utzi behar izan baitzuen. Hala eta guztiz ere, jokalariek beti dena eman dutela nabarmendu du, harro dagoela osatutako taldearekin eta «itxaropena» duela egoerari buelta emateko.

Horrelako pasadizo gehiago ez gertatzeko buru-belarri ari dira Kurkubi taldeko kirolariak. «Klubeko piramidea osatzea da helburua, hau da, kategoria guztietan taldeak izatea». Horretarako, bidea luzea dela badakite Kurkubiko kideek. Halere, urtero aurrera pausoak ematen ari direla azaldu dute, «urtez urte hazten» doazela. «Hemendik bi urtera esango nuke gizonezkoen talde gehiago izango ditugula, baita neskenak ere».

Etorkizuneko talde horiei begira, orainaldian lan egiteko apustua egin dute. Astebururo partidak jokatzen dituzten taldeez gain, baditu egitasmo gehiago Kurkubik. Urte guztian zehar, ostiralero, Gipuzkoa Basket Clubarekin elkarlanean, Saski Eskola egiten dute 8-12 urte bitarteko haurrekin. «Haur batek ezik, orain arte eskolara etorri diren guztiek jarraitzen dute». Arrakasta izaten ari dela dio Quiñonesek, eta haurren eta gurasoen erantzuna gero eta baikorragoa dela. Oinarriak ezartzen ari dira apurka.

Saskibaloitik harago, kirolaren garrantzia nabarmendu du  lezoarrak. «Edozein kirol probatzera animatu behar ditugu haur eta gazteak, eta gero eurek gustukoena aukera dezatela. Berdin du zein kirol izan, kirola egiten duten bitartean».

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend