Antonio Lekuona Arbelaitz 'Matxiyo' hil da; bera izan zen Antonio Valverdek margotu zuen koadrorako posatu zuen modeloa
Antonio Lekuona Matxiyo.
Antonio Lekuona Arbelaitz
Matxiyo oiartzuarra astelehenean hil zen, 86 urte zituela. Haren aurpegia ezaguna da Euskal Herri osoan, bera izan zelako Xenpelar bertsolariari aurpegia jarri ziona. Antonio Valverde Ayalde margolariak 1969an pintatu zuen errenteriarraren erretratuaren
modeloa izan zen Matxiyo.
Nolakoa zen jakiteko irudirik utzi gabe hil zen Xenpelar bertsolaria, 1869an. Ehun urte beranduago, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak enkargua egin zion Ayalderi: Gipuzkoako jende esanguratsuaren erretratuak egitea. Xenpelarrena egiteko, baina, eredua falta zitzaion. Ongi dokumentatu zen, Elixabete Perez Gazteluk Bidegileak liburuan azaldu zuen bezala: “Iritsi zaizkigun testigantzen arabera, txikia eta meharra zen, begi bizi eta bihurri samarrak zituen eta aurpegi kolore
berdexka; ilun samarra”.
Mezatan deskubritua
Igande goiz batean, bederatzietarako mezetara joaten ziren Matxiyo eta emaztea, eta han gizon bat begira-begira geratu zitzaion. “
Marikoia zela pentsatu nuen une batean, eta gustuko ninduela”, adierazi zion Gaur8ri. Gizon hura Ayalde zen, eta elizan deskubritu zuen bere inspirazio iturria izango zena.
Hamasei egunez joan zen Ayalderen etxera, lanean egin ohi zituen ordu estrak sartu beharrean. Hori bai, berdin-berdin ordaintzen zion Ayaldek modelo lanak egiteagatik. Garai hartan Errenteria-Oreretako paper fabrikako langilea zen, Xenpelarrek lan egin zuen liho fabrikaren pare-parean.
Atzo arratsaldean egin zuten Matxiyoren aldeko hileta, Done Eztebe parrokian.