Argiak jartzearen eta Gabonei begira herria atontzearen aldeko iritzia duela, baina ez zaiola egoki iruditzen gau osoan argiak piztuta izatea esan du alderdi sozialistak.
Gabonetako argiak, Santa Klara kalean.
Mozioa aurkeztuko du PSE-EEk Gabonetako argiak pizteko ordutegia mugatzea eskatzeko. Argiak jartzearen eta Gabonei begira herria atontzearen aldeko iritzia duela, baina ez zaiola egoki iruditzen gau osoan argiak piztuta izatea esan du alderdi sozialistak. Horregatik, ordutegia mugatzea eskatuko du mozio horren bidez, “izan ere ez da koherentea Energiaren Astea antolatzea herritarrak egunero energia zentzuz erabil dezaten sentsibilizatzeko, eta aldi berean, Gabonetako argiak piztuta izatea etengabe. Donostia, Irun, Eibar eta Zarautzen adibidez, hartu dituzte erabakiak”.
PSE-EEren mozioak lau puntu ditu. Lehenengoak gastu energetikoaren arrazionalizazioaren alde egitea eskatzen dio udalari, eta etorkizunean beharrezkoak diren murrizketak hartzeko konpromisoa eskatzen dio. Gabonetako argiak jartzeko garaian, energetikoki eraginkorrenak diren aldeko bonbillak erabiltzeko eskatu dio bigarren puntuan udalari.
Gabonetako argiak 00:00etan astelehenetik ostiralera itzaltzea eskatu dio, bestalde, eta 02:00etatik aurrera larunbatetan. Amaitzeko, abenduaren 24an, 25ean, 31n, eta urtarrilaren 1ean eta 5ean Gabonetako argiak denbora gehiagoz piztuta egotea onartuko dute, data bereziak izateagatik.
Hurrengo plenoan aztertuko du mozioa udalbatzak.