Gutuna: "Zergatik ez dira babesten zaintzaileen lan baldintzak?"
Berriz ere, hiru zutabe nagusiz eratutako Gipuzkoako egoitzetako hitzarmen kolektiboaren negoziaketan murgilduta gabiltza: Foru Aldundia, patronala eta sindikatuak. Aurrerabiderik ikusten ez zaion negoziaketa honi lotuta, “gu”, LANGILEAK, engainuekin eta gure lana dagokion neurrian ez aitortzearekin aspertuta. Zaindu eta babestu behar den zainketen lana asko defendatzen da ongizatea sortzeko derrigorrezko elementu gisa. Baina, zergatik ez dira babesten zaintzaileen lan baldintzak, askotan gizaki orok izan beharko lituzkeen oinarrizko zaintza eskaintzen dioten gaixoaren begiak, besoak eta zangoak direnean, eta gizaki baten bizitzaren azken txanpa zoriontsuagoa eta ahalik eta duinena izatea lortzen dutenean?. Garbiketa zerbitzuari buruz zeresanik ez, egoiliarraren ongizatea, lasaitasuna eta erosotasuna bermatzeko beharrezko eta ordezkaezina den lana egiten dute. Egoitza asko gaur greban egongo dira, guk ere bide hau aukeratu dugu gure eskubideak aldarrikatu eta eskatzeko eta gehiengoa emakumez osatua dagoen sektore batean gure lanaren aitorpena eskatzeko. Lurdes Etxeberria eta Arantxa Learte, Errenteriako Sanmarkosene egoitzako ESKko ordezkariak.