Jakiak bilduko dituzte hilaren 24an. Aurretik, herriko hainbat saltokitan utz daitezke jakiak. Txantxarreka gaztetxera bideratuko dute jasotakoa.
Ez da lehen aldia elkartasun kantu jira egiten dutela Lezoko gazteek.
Txantxarreka Gaztetxean (Antigua auzoa, Donostia) errefuxiatuen alde egiten ari diren lana babesteko, elkartasun kantu jira egingo dute hilaren 24an (astelehena) Lezoko gazteen ekimenez. Herritar orori dago zabalik. Elikagaiak eskatzera aterako dira 11:00etan, Karlos Saldisetik abiatuta. Elikagai horiek Txantxarrekara bideratuko dituzte.
Egunean bertan parte hartzeaz gain, aurrez egitasmoarekin bat egin daitekeela adierazi dute iniziatibaren antolatzaileek. Izan ere Lezoko Dia supermerkatuan, Arruti ahizpak saltokian, Zubitxo janari dendan, eta Eroskin janaria biltzeko propio prestatu diren postuak jarrita daude. Gune horietan, hala nahi dutenek, euren elikagaiak utz ditzakete hilaren 24ko eguerdira arte.