Lurdes Oiartzabalek eta Chakib Lachgarrek irabazi dute Antxoko Gabonetako krosa
Hirugarren urtez jarraian dortsal guztiak agortu dira
Lurdes Oiartzabal lezoarrak eta Chakib Lachgar errenteriarrak irabazi dute Antxoko Gabonetako IX. Gabonetako Gaueko Krosa. Emakumeen kategorian, bigarren Nerea Amilibia zarauztarra izan zen, eta Lurdes Colomo zizurkildarra hirugarren. Gizonen bigarren eta hirugarren postuak, berriz, Kataluniara joan dira: Xavi Tomasa (Berga, Bartzelona) izan zen bigarrena, eta Carles Montllor 2015eko irabazlea (Sabadell, Bartzelona) izan zen hirugarrena. Podiumetatik harago saritu gehiago egon ziren. Beteranoen Mailan, Ana Cruz antxotarra eta Raul Gomez lasartearra izan ziren azkarrenak. Pasaitarren artean onenak, azkenik, Nora Gondat eta Gorka Simon antxotarrak izan ziren. Mozorro onenak ere saria izan zuen: Unai eta Sergio bikoteak eraman zuen sari berezi hori, dinosauro puzgarri eta guzti atera zirelako krosean. Irabazleez gain, aurten nabarmentzekoak bi datu: inoiz baino emakume gehiagok parte hartu dutela krosean, eta aldi berean, pasaitarren partaidetza izugarri handia izan dela. Abenduaren 28an egin zen krosa, gauez eta gabon giroan. Ogi Berri Azkuene Triatloi Taldeak antolatzen du krosa urtero, eta taldeko arduradunek antxotar guztiei eskertu diete emandako laguntza, baita babesle eta laguntzaile modura izan diren herriko komertzio eta tabernei ere, eta nola ez, Antxoko Jai Batzordeari eta Karlos DJri. Aldi berean, Pasaiako Udalari emandako laguntza eskertu diote, bereziki Kirol eta Zerbitzu sailei, nahiz Udaltzaingoari eta, azkenik, enkarteladako lagunei, krosa ez oztopatzeko normala baino lehenago egin zutelako euskal presoen aldeko urteko azken Kartelada. 2019an Gabonetako krosak hamargarren aldia izango du, eta antolatzaileek data biribil horrek merezi duen adinako lasterketa prestatzen lanean hasiak direla aurreratu dute.