«Iraganeko zauriak itxi gabe ez dago etorkizuneko herria eraikitzerik»
2011. urtean PSE-EEren 28 urteko agintaldiarekin amaitu zuen EH Bilduk. Julen Mendoza izan da zortzi urtez alkate. Zikloa amaituta, badoa, eta ziklo berria, pertsona berriek ireki behar dutela dio. Ez da nolanahikoa utziko duen arrastoa.
Zergatik ez zara aurkeztuko hurrengo hauteskundeetara?
Zikloa bukatzen delako hemen. Duela lau urte ere esan nuen nire bigarren eta azken agintaldia izango zela honakoa. Zortzi urte hauek oso biziak izan dira, eta ziklo berri bat ireki behar dugula uste dut. 2011n heldu ginen alderdi sozialistak 28 urtez gobernatu zuen herri batera, eta zortzi urte hauetan gauza asko egin nahi izan ditugula, eta egin ditugula uste dut, gauzak asko aldatu direla. Zikloa hemen amaitzen da eta berri bat hastea tokatzen da. Ziklo berri hori pertsona berriek ireki behar dute, jende berriak etorri behar du, indar berriak.Gure herriak egin duen ibilbidearen jarraipen bat egon behar du, bestalde, baina ziklo hau amaituta.
28 urteren ostean, herriak behar zuen kolore aldaketa heldu zela Errenteriara esan zenuen 2011ko ekainean alkate kargua hartzerakoan. Zortzi urte eman ditu EH Bilduk alkatetzan, zu buru zarela. Zein koloretakoa da orain Errenteria?
Herria aldatu dela bizi dute herritarrek, sentsazio hori dut nik behintzat, asko aldatu dela. Giza harremanak aldatu dira, eta uste dut gai izan garela guztion artean kolektibitate bat sortzeko, gai izan gara bide bat egiteko, eta hau ez da gure meritu bat izan, herriaren meritua da.
Jon Maia bertsolaria izan zen hemen gu alkatetzara iritsi eta gutxira, komunitate ezberdinen batura egiteko, eta testuinguru horretatik aurrera uste dut herriak izugarrizko bidea egin duela, aurrera egin dugu. Nik bereziki uste dut hori dela garrantzitsuena, eta berriro diot, hori ez da gure meritua, gure herria izaera kolektiboa bereganatzen ari dela uste dut, izaera kolektibo integratzailea, eta ulertzen ari dela guztiok batera eraiki behar dugula herri hau. Hori da esanguratsuena, aldaketarik handiena 2011n alkatetza hartu genuenetik.
Bizikidetzan eta bakegintzan erreferente bihurtu da Errenteria. Zure taldeak egin ditu urrats horiek, baina ukaezina den zure gidaritzarekin. Bide horretan leporatu dizute ere biktima guztiak maila berean ez jartzea. Noiz eta zergatik erabaki zenuen bide hori ezinbestekoa zela?
2011n heldu ginenean alkatetzara, nire hautua izan zen sartzea estrategia aldaketa bat izan zelako, eta uste nuelako batzuei tokatzen zitzaigula pausu hori ematea, indartu egin behar genuelako bide hori; tokatzen zitzaigun politikagintzan, instituzioetan sartzea. Testuinguru horretan oroitzen dut udalera heldu eta lehen harremanak hasi zirela ezberdinen artean, eta zehazki, 2012ko apirilean pertsona ezberdinak bildu zituen elkarrizketa foro bat abiatu zela; diskretua izan zen, hiru urte eta erdian izan ginen lanean bertan bildutakoak, eta inoiz ez zuen denbora horretan guztian ezer adierazi. Arrazoi batengatik egin genuen: fase berri bat zabaldu behar zela sinistuta ginen, eta hori zabaltzeko ezinbestean elkarbizitzaren eta bizikidetzaren bidea ireki behar genuen.
Apustu horretan denok bat egin dugu, hau da, ez da alkateak nahi izan duen kontu bat bakarrik, alderdi guztien artean izan da ikuspegi bateratu bat, hasi garai hartan zinegotzi zen Juan Carlos Merinotik, berak sinisten zuen bide horretan, eta gaur egun daudenekin amaituta; tartean alderdi guztiak, Ezker Batua, Podemos, EAJ eta EH Bildu, noski.
Oso garrantzitsua zen gai horri ekitea, garai berri bat ireki nahi bagenuen. Herri berri bat eraiki nahi badugu benetan, herri hori ezin da pentsatu ez bada elkarbizitzaren eta bizikidetzaren bidetik. Iraganeko zauriak itxi gabe ez dago etorkizuneko herria eraikitzerik, eta horregatik uste genuen udalari, herritarrengandik hain hurbil den instituzioari, guri zegokigula bai ala bai bide horri ekitea, guk ezagutzen ditugulako, bereziki, zauriak gertuenetik.
Zauriak sendatzen hasi dira?
Batzuk bai. Gerta daiteke beste batzuk ez sentitzea beren zauriak sendatzen hasi direnik, baina nik uste dut prozesua luzea dela. Segur aski herri honetan ohituta egon gara eta pentsatu izan dugu prozesuak urte gutxikoak direla, eta hemen badago prozesu mental bat, eta prozesu mentalak eta barne kultura prozesuak ez dira urte batetik bestera ematen, denbora asko behar dute.
Galdera bat egingo nuke. Orain zortzi urte atzera begiratuko bagenu, pentsatuko genukeen zortzi urtean hau dena egingo genuenik? Hori egin badugu, pentsa dezagun hurrengo zortzi urteetan zertarako gai izan gaitezkeen. Beren mina jasota ez dagoela sentitzen eta pentsatzen duten biktimak egon daitezke zalantzarik gabe, baina nik uste dut, bide horretatik iritsiko direla sentitzera beren mina benetan aitortua eta jasoa dagoela. Ez daukat horretan zalantzarik. Kontziente izan behar dugu, ordea, bidea luzea dela, eta bidea egin egin behar dela iristeko aitortza oso horretara.
Euskal presoen aferan larri gaixorik diren Aitzol Gogorza eta Mikel Arrietaren gainean urrats esanguratsuak eman dituzue alderdi guztiek. Plenoak lehenengoz, aho batez eskatu zuen biak etxeratzea iaz. Nolakoa izan da bidea?
Logika berean kokatuko nuke. Plenoa baino lehenago, duela hiru urte pasatxo, Errenteriako Udaleko hautetsi ohiek egin genuen adierazpen bat Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastokian, eta bertan, PSE-EEko kargu izan ziren bi kidek hartu zuten parte. Pertsona horiek gure herrian gertatzen ari zen testuinguru eta giro konkretu batean ulertu zuten beraiek ere pausu bat eman nahi zutela, eta orduz geroztik uste dut bide txukun bat egiten ari garela.
Sare ere ari da, eta interlokuzio bat dauka alderdi guztiekin. Alderdi guztiak ados gaude preso hauen askatasunarekin, iruditzen zaigulako egoera benetan larria dela, eta neurriak hartu behar direla. Mikel Arrieta eta Aitzol Gogorza bisitatzen izan naiz Algecirasen eta Basaurin, eta bisita horiek egitearekin ados egon gara alderdi guztiak ere. Nik uste dut hurrengo urteetan ere urratsak egingo direla gai honen inguruan, hori sinistu nahi dut.
Bakegintzan, ezberdinen arteko komunikazioan eta elkarlanean eredu bihurtu duzue Errenteria. Ez bakarrik horretan. Gizarte politiketan estatuko 20.000 biztanletik gorako herrien artetik pertsonako laguntza handiena ematen duen udala da Errenteriakoa. Zer eragiten dizute halakoek?
Duela zortzi urte udalera heldu ginenean apustu bat egin genuen. Une hartan egoera ekonomikoa ez zen batere ona, administrazioen egoera ekonomikoa ere oso txarra zen. Ideia bat izateko, gastu batzuk ditugu eta diru sarrera batzuk, eta hortik aparte gelditzen den superabita inbertsioetarako duguna da. Guk, une hartan, udalera heldu ginenean 2011 urtean, 7.000 euro genituen superabit gisa inbertsioetarako. Baldintza horietan egin genituen gure lehenengo aurrekontuak.
Egoera latza zen benetan, baina guk hautu bat egin genuen momentu horretan, gizarte ongizatean ez genuela murrizketarik egingo erabaki genuen, eta kulturan ere ez jaisten saiatuko ginela. Zergatik? Gizarte ongizateak zerikusia duelako pertsonen duintasunarekin, krisi egoera batean jendeari lagundu behar zaiolako, eta gizarte kohesiorako ezinbestekoa delako. Baita kultura ere. Kulturak garrantzi handia izan du gure herrian kohesio sozialerako. Guretzako klabea zen, apustu hori egin genuen, eta hurrengo urteetan ere apustu sendo bat egin da, bereziki gizarte larrialdietarako laguntzekin. Eusko Jaurlaritzak asumitu behar zituen kostuak, baina 400.000 euro mantendu dituzte urte hauetan, horretara bideratzen dena miloi bat euro denean. Diferentzia, 600.000 euroak, udalak jartzen ditu. Hasieran 60.000 euro ordaintzen genituen, eta orain 600.000. Apustu hori egin eta mantendu egin dugu, lehentasuntzat izan dugulako. Bigarren aldia da gai horregatik halako aitortza egiten digutena, eta egia da poza ematen duela, guk esan gabe, beste batzuk aitortzen dutelako udal honek egiten duen esfortzua.
Langabezia altuenetakoa duen herrietako bat da Errenteria. Zure taldeak artisautzaren aldeko apustua egin du ekonomia dinamizatzeko alternatiba gisa. Torrekua sortzaileen habia bihurtu zenuten. Zer eman du proiektu horrek?
Proiektu bat genuen artisautzari begirako espazio bat sortzeko. Hasieran espazio askoz ere handiagoa zen, baina xumea zen planteamendu batetik hasi behar genuela erabaki genuen, eta horrek arrakasta bazuen hurrengo pausu bat emango genuela.
Torrekuan hasi ginen, bitxigintza eta ehungintzarekin, bereziki. Denbora honetan jendea pasa da bertatik, ongi funtzionatu du. Baliabide batzuk ematen ditu Torrekuak oso prezio onean, baina gainera, modu kolaboratiboan lan egiteko aukera ematen die bertan ari diren sortzaileei, beren proiektuak garatzen ari diren guztiak batera ari direlako. Oarsoaldea Garapen Agentzia bertan dago, gainera, proiektua garatzen ari diren ekintzaileei enpresa gisa aritzeko beharrezko aholkularitza ematen.
Horrekin batera, Zamalbideko Angel de la Guarda eraikinean beste proiektu bat abiatu genuen, eta hor ere badira industria aurreratuarekin zer ikusia duten proiektuak. Torrekuan ere teknologiarekin zerikusia duten proiektuak garatzen ari dira, bestalde.
Orain fase berri bat zabalduko da. Hasiera batean esku artean izan genuen proiektu hori garatzea. Ikusi dugu funtzionatu duela, eta orain, beraz, urrats handiagoa egin behar dugu, espazio handiagoa behar dugu artisautzarekin zer ikusia duen anbizio handiagoko prozesu bat sortzeko Torrekuatik kanpo. Dagoeneko foru aldundiarekin ari gara harremanetan. Garrantzitsua da guretzako lerro hau. Horretaz gain, industria alorrean gure eskualdeak eta gure herriak bideratu beharko lituzkeen baliabideak ikertzen eta garatzen ari gara.
Errenteriaren izena lau haizetara zabaldu du Atlantikaldiak…
Itsasoaren memoria berreskuratzeko helburuarekin sortu genuen, baina aldi berean, oroitzen dut lehen ekinaldian kontzertu bat izan zela Marokoko talde batekin. Kontzertu horretan familia magrebtar askok parte hartu zuten, batez ere emakumeak haurrekin, eta izugarrizko giroa sortu zen agertokian eta publikoan zeuden magrebtarren artean. Tartean ginen gainontzeko guztiak. Zerbait magikoa iruditu zitzaigun. Magikoa, ez ditugulako konpartitzeko espazioak.
Jon Maia 2011n Errenteriara etorri zenean, esan genion komunitateka funtzionatzen genuela. Askotan komunitate horiek ez gara nahastu, ez ditugu espazio berak konpartitu. Komunitate bat zegoen, jatorrizkoa, hemengoa, eta bere garaian estatutik heldu zen beste komunitatea, baina bi horiei hirugarren bat batu zaie, mundutik datozen pertsona horiena guztiena da. Atlantikaldiak hori lantzeko aukera ematen digu, eta ordutik iniziatiba ezberdinak antolatu dira itsas festibalaren barruan horri begira. Atlantikaldiak komunitateak komunitate bakar bihurtzeko balio du, baina ez soilik horretarako, kultura arloan sorkuntza bultzatzeko aukera ematen du, sorkuntzarako espazio erreferentziazkoa da, eta bost urte bete ditu. Oraindik garapen handia du gure herriak jarri dituen helburu horietan: Sorkuntza bultzatu, sorkuntza partekatu, eta gainera, gizarte sektore ezberdinekin garatzea; gure aniztasuna barneratzea. Atlantikaldia, bereziki, hori bihurtzen ari da.
Historikoki bat egin izan ez duten eragileak elkarlanean ari dira gaur egun. Zer gertatu da hori posible egiteko?
Adibide bat jarriko dut. Jon Maiaren hitzaldia egin behar genuenean planteatu genuen eragile ezberdinak biltzea aurretik. Euskal komunitatean ari diren eragileak eta estatutik etorritako pertsonak ordezkatzen dituzten eragileak bildu genituen horretarako. Oroitzen dut elkarrizketa horretan izan zen interbentzioa: oso ados zegoela ideiarekin, baina euskara inposatuko zen beldur zela esan zuen parte hartzaile batek. Jarraian beste pertsona batek hartu zuen hitza. Gaztelera inposatuko zen beldur zen bigarren hori. Biak sentitzen ziren mehatxatuak, nola da posible? Hortik prozesu bat abiatu zen. Giro berezia sortu da, eta horren erakusle da Azeri Dantzak egun duen aniztasuna; Ereintza Dantza Taldea eta Concha Rocieraren arteko harremana edo elkarlana; Aljarafek ere egin ditu bereak… Gure herrian badira eragile batzuk benetan inplikatu direnak, eta benetan sentitu dutenak prozesu hau.
Gogoratzen dut azkeneko Apirileko Ferian, antolaketan dabilen elkarteetako baten kide batek esan zidala ‘herria egin dugu, herria egitea hori da, eta harro sentitzen naiz hala egin izanaz’. Zer aldatu da zortzi urte hauetan? Hori aldatu da, benetan pertsona guztiak sentitzen garela komunitate baten parte, eta elkarrekin ari garela, lehen gertatzen ez zen bezala.
Aniztasuna, aukera eta pribilegio bilakatu duzue. Hori ere lehen lerroan jarri du udalak, eta abesti eta bideoklipa egin.
Bernardo Atxagari eskatu genion herri-aliantzaren prozesurako idatzia sortzeko. Arduratuta ginen mundu mailan aniztasunaren gaia modu batean lantzeko joera zegoelako, eskuin muturraren diskurtsoa dago munduan eta hona ere iritsiko da seguru aski. Gure herriari, bere sare sozial guztia baliatuz, eskaini behar digu kontzeptu bat, herri kontzeptu bat, elkarbizitzarako kontzeptu bat.
Manifestua egin zuen Atxagak eta esaldi bat dauka niretzat nabarmendu beharrekoa, ‘ez dute begiek ikusten, buruak ikusten du’. Gure ezarritako aurreko ideia guztiek ikusten dute, azken batean. Hortik abiatu genuen guztia, diagnostikoa egin genuen hezkuntza eta eragile sozialak bilduta, eta plan estrategikoa egin. Gure buruari galdetu behar diogu zenbat espazio konpartitzen ditugun, eskolan, kirol taldeetan, edo musika eskolan… Eta diagnostikoak esan zigun ezetz. Horrek ez du eragin behar soilik instituzio batek egiten duen politikan, ekarri behar du herri baten konpromiso bat, elkarte bakoitzaren konpromiso bat, eta bide horretan heldu zen Egin zaidazu bisita abestia. Errenterian kultura eta sentsibilitate ezberdinak daudela esan nahi genuen abestiaren bidez, eta hori abeslariekin nabarmendu da. Bideoklipa egin da ondoren, eta arrakasta handia izan du.
Parte hartzea. Garrantzi handia eman diozue horri, eta proiektu eta iniziatiba ia guztien atzean dago halako prozesuren bat. Parte hartzea sustatzearen atzean zer da?
Helburua bikoitza da: jendeak herri politiketan parte hartzea da helburu bat, eta jendeak bere egitea herri politikak da bestea. Exijentziaren gizartea sortzen ari gara. Herritarrak eta erakundeak daude,. Eta nik erakundeari exijitzen diot, erakundeak konpondu behar dizkit arazo guztiak. Konpromiso kolektiboa zentzu batean desagertzen ari da indibidualismoarengatik. Parte hartze prozesuen bidez guk ezarriko ditugun politiketan parte hartuko duzu, baina zureak egingo dituzu.
Parte hartze prozesurik garrantzitsuena 2012an plan estrategikoarekin egin genuena izan da. 300 lagunek hartu zuten parte beste hainbeste eragileren ordezkari gisa, eta urtebete eman genuen plana adosten. Ordutik egin dugun ibilbidea plan estrategikoan marraztutakoa da. Hori izan da garrantzitsuena, gure herriaren norabidea markatu duena. Gauzak ez dira aldatzen lau urtean, denbora behar da, eta perspektiba horrekin pentsatu behar du jendeak.
Nolakoa da Errenteria 2019an. Zer alde dago hartu zenuten 2011ko Errenteria harekin?
Bere herriaz harro dagoen Errenteria da. Ziurrenik beti izan gara harro, baina azken urteetan harrotasun hori handitu dela uste dut. Proiektuez, igogailuez… hitz egin dezakegu aldaketetaz sakon, baina nik uste dut badagoela zerbait inportanteagoa, espiritualagoa dena agian, baina garrantzitsuagoa dena niretzat, jendearen harrotasuna bere herriarekin. Hori ezinbestekoa da herriaren garapenerako, etorkizunerako.
Zer eskatuko zenioke alkatetzara heltzen denari?
Ez nioke ezer eskatuko. Benetan horrela sentitzen dut. Uste dut ez dugula baldintzatu behar beste pertsona batzuek izan dezaketen ikuspegia. Nik eskertu dut zentzu batean jendeak eman didan konfiantza gauzak egiteko garaian, eta batzuetan faltan sumatu dut konfiantza hori. Nik, kasu honetan, hurrengoari eskaini behar diot konfiantza eta berak egin dezala bidea ikusten duen bezala. Hor izango gara, berarekin, bide horretan laguntzeko.
+ “Bizikidetzan eraikitako une bakoitza eramango dut nirekin”
Jarraian, elkarrizketaren bideo laburra: