Tomatearen zaintzaren inguruko guztiak azalduz ikastaroa eskaintzen ari da Ekogunea baratze parkeetan; gaur, Errenteria-Oreretan izango da tailerra, Furgobaratzaren laguntzaz .
Baratza Parkeetan ibiltzen da Furgobaratza, aholkularitza eskaintzen eta hazi ekologikoak banatzen
Mexikon du jatorri tomateak, eta Europan XVI. mendeaz geroztik kontsumitzen da. Italiarrek «urrezko sagarra» deitzen zioten, eta «maitasunaren sagarra» frantziarrek. Gaur egun ia mundu osoan kontsumitzen da fruitua.
Merkatuan tomate goxoak topatzea, ordea, ez da erraza izaten. Itxura ederra izanagatik, askotan, nahi baino zapore eskasagoa izaten dute tomateek. Fruitu oso preziatua da gure artean, baina oso delikatua da bere produkzioa.
Udako fruitua izanik, orain da tomatea landatzeko garaia. Horregatik, tomateen zaintza ikastaroa eskaintzen ari da Ekogunea inguruko baratze parkeetan. Aste honetan Lezon eman dute ikastaroa, lehengo asteazkenean, eta gaur eskainiko dute ikastaro berbera, Errenteria-Oreretako Baratza Parkean, Gaztañon, 18:00etatik aurrera. Ikastaroa doan da, eta interesa duen pertsona orori zabalik egongo da.
Aitziber Otegi ingurumen teknikaria da, eta baratze parkeetan dinamizatzaile lanean aritzen da. Azaldu duenez, tomatearen zaintzaren gaineko ikastaroak oso harrera ona izaten du, tomatea oso landare delikatua delako, eta baratze parkeetako erabiltzaileak, askotan, hasi berriak izaten direlako baratze kontuetan. «Normalean gutxi dakite gaiari buruz, eta interes handia erakusten dute», baieztatu du. Nola landatzen diren, landareen arteko distantzia, ureztatzea… baratzeetan tomate ederrak lortzeko jakin beharreko guztiak azaltzen dituzte ikastaroan.
Furgobaratza
Furgobaratzaren laguntzaz aritzen dira formazioa eskaintzen baratze parkeetan. Gaur arratsaldean, Gaztañon izango da Furgobaratza, Errenteria-Oreretan. Gipuzkoako Baratze Parkeen Sarean aholkularitza eskaintzen duen zerbitzua da, «furgoneta bat, baratzea dutenei aholku teknikoak eta gomendioak emateko, eta landare, produktu eta hazi ekologikoak eskaintzeko». Hilean behin eskaintzen du zerbitzua baratze parke bakoitzean, laguntza behar duenak balia dezan.
Aste honetan, tomate zaintzaren gaineko guztiak azaltzeaz gain, 30 motatako tomateak banatuko ditu Furgobaratzak ikastaroan parte hartu dutenen artean, udaberrian zehar askotariko kolore eta forma duten tomateak landatu ahal izateko. Haziak doan banatuko dituzte.
Eskari handia
Baratze parkeen esperientzia nahiko berria da. Lezo izan zen horretan murgiltzen lehen udalerria, orain dela hiru urte, eta ondoren hartu zuen bide bera Errenteria-Oreretak, 2014. urtean.
Esperientzia nahiko berria bada ere, bilakaera oso positiboa izaten ari da. Aitziber Otegik nabarmendu duenez, «jende asko animatu da parte hartzera, esperientzia azkar hedatu da beste udalerri askotara, eta gehienetan itxaron zerrendak ere egoten dira».
Gaur egun, Lezon eta Errenteria-Oreretan ez ezik, Anoetan, Alegian, Azpeitian, Usurbilen, Tolosan, Hernanin eta Elgetan daude baratze parkeak.
Udalek egokitutako autokontsumorako baratza ekologikoak dira nekazaritza gune horiek. Proiektuaren helburu nagusia herritarrei beren eskuz elikagaiak lortzeko aukera ematea da, irizpide ekologikoei jarraituz eta herritarren artean bertako produktuen kontsumoa sustatuz.