Bihar, AHTaren gaineko jardunaldiak Ficoban
Abiadura Handiko Trenari (AHT) buruzko egun osoko jardunaldia antolatu dute biharko Ficoba erakustazokan 7301 Bidasoaldeko Burnibidearen Lagunek (BAF 7301). Atzo, Jose Antonio Santano alkateak eta Jose Felix Colado BAF 7301ren presidenteak aurkeztu zuten jardunaldia, Irungo udaletxeko bilkura aretoan. Jardunaldietako antolatzaileek onartu zutenez, Hiri Garapeneko ordezkari Miguel Angel Paezek ekainean egin zien AHTaren gaineko egun bat prestatzeko eskaera. Atzoko agerraldian alkateak eskerrak eman zizkien BAF 7301ko kideei, «hainbatetan iragana gogora ekarri bezala, trenaren etorkizunagatik» erakutsi duten interesagatik. Santanorentzako garrantzitsua da erakundeetatik ez ezik, gizartetik ere bideratzea eztabaida eta gogoeta, «Irunerako eta Gipuzkoarako azpiegitura garrantzitsua izango delako». Bere aldetik, Coladok biharko jardunaldia antolatzea «erronka handia» izan dela onartu zuen, «tren maketen erakusketak antolatzen ohituta» dagoen elkarte batentzat. Hala, bihar, goi mailako profesional asko Ficoban izango direla nabarmendu zuen Coladok. «Madrildik, Bilbotik, Donostiatik, Frantziatik… Urrunetik datoz asko, trenbideari lotutako profesionalak eta zaleak dira», gehitu zuen. Hartara, Irun «Europarako atea» dela nabarmendu zuen zinegotziak, eta «aukera ez galtzearen alde» agertu zen: «Espainiako Estatuko beste hiri batzuek hala egin dute: AHTa baliatu dute hiriak eraldatzeko». Aldeko ikuspuntu anitzak Biharko jardunaldiak informatiboa izan nahi du. «Egungo trenbidearen egun bateko ikastaro azkarra», horrela definitu zuen Coladok atzo egitasmoa. Hizlari guztiak trenbide bizkorraren aldekoak izanik, ikuspuntu ezberdinetatik landuko [...]
Abiadura Handiko Trenari (AHT) buruzko egun osoko jardunaldia antolatu dute biharko Ficoba erakustazokan 7301 Bidasoaldeko Burnibidearen Lagunek (BAF 7301). Atzo, Jose Antonio Santano alkateak eta Jose Felix Colado BAF 7301ren presidenteak aurkeztu zuten jardunaldia, Irungo udaletxeko bilkura aretoan. Jardunaldietako antolatzaileek onartu zutenez, Hiri Garapeneko ordezkari Miguel Angel Paezek ekainean egin zien AHTaren gaineko egun bat prestatzeko eskaera.
Atzoko agerraldian alkateak eskerrak eman zizkien BAF 7301ko kideei, «hainbatetan iragana gogora ekarri bezala, trenaren etorkizunagatik» erakutsi duten interesagatik. Santanorentzako garrantzitsua da erakundeetatik ez ezik, gizartetik ere bideratzea eztabaida eta gogoeta, «Irunerako eta Gipuzkoarako azpiegitura garrantzitsua izango delako». Bere aldetik, Coladok biharko jardunaldia antolatzea «erronka handia» izan dela onartu zuen, «tren maketen erakusketak antolatzen ohituta» dagoen elkarte batentzat.
Hala, bihar, goi mailako profesional asko Ficoban izango direla nabarmendu zuen Coladok. «Madrildik, Bilbotik, Donostiatik, Frantziatik… Urrunetik datoz asko, trenbideari lotutako profesionalak eta zaleak dira», gehitu zuen. Hartara, Irun «Europarako atea» dela nabarmendu zuen zinegotziak, eta «aukera ez galtzearen alde» agertu zen: «Espainiako Estatuko beste hiri batzuek hala egin dute: AHTa baliatu dute hiriak eraldatzeko».
Aldeko ikuspuntu anitzak
Biharko jardunaldiak informatiboa izan nahi du. «Egungo trenbidearen egun bateko ikastaro azkarra», horrela definitu zuen Coladok atzo egitasmoa. Hizlari guztiak trenbide bizkorraren aldekoak izanik, ikuspuntu ezberdinetatik landuko dute gaia (ikus egitaraua irun.hitza.info-n). Sarrera doan da, baina ezinbestekoa da posta elektronikoz konfirmatzea (baf7301@gmail.com). Kanpotik baieztapen asko jaso dituztenez, atzo ez zuten baztertu hartuta dutena baino areto handiago batera pasatzea, betiere Ficoban erakustazokan bertan.
Egitaraua
09:00. Parte-hartzaileei harrera egingo diete.
09:30-10:15. Jardunaldiak hasiko dituzte. Irungo alkate Jose Antonio Santanok hitzaldia emango du.
10:15-10:45. Josu Benaitoren hitzaldia. Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura Saileko zuzendaria da Benaito.
10:45-11:15. Atsedena.
11:15-12:00. Cesar Gimenoren hitzaldia. Gaia: Abiadura handiko linearen eta Irunen arteko lotura.
12:00-13;15. Jacques Coutou-ren eta Christian Maudeten hitzaldia. Gaia: Abiadura handiko linearen etorrera Irunera eta Hendaiara.
13:15-15:30. Bazkaria.
15:30-16:15. Miguel Muñozen hitzaldia. Madrileko Tren Museoaren zuzendaria da Muñoz.
16:15-17:00. Vicente Llosrensen hitzaldia. Gaia: Trenen eboluzioa. Karga bagoietatik OARIS plataformara.