Datorren larunbatean abiatuko dute AsteBatZuk iniziatiba Errenteria-Oreretan Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak eta Xenpelar AEKk.
AsteBatZuk iniziatibaren barruan formazio saioak egiten ari dira gaur.
Datorren larunbatean abiatuko dute
AsteBatZuk iniziatiba Errenteria-Oreretan Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak eta Xenpelar AEKk. Euskaldunak ahaldundu, espazioak irabazi, azken batean euskaraz bizi nahi duten herritarrei horiei guztiei bidea zabaldu nahi die iniziatibak. Astebete darama zabalik Aho Biziak eta Belarri prestak biltzeko izen emate kanpainak, beraiek izango dira ahalegin kolektibo hori posible egingo dutenak, eta dagoeneko 150 lagunetik gora eman dute izena.
Gaur formazio saioak egiten ari dira egun osoan zehar, lau txandatan. Goizekoak amaituta, hurrengoak 16:30ean eta 18:00etan egingo dituzte Xenpelar Etxean. Hurbildutakoei Errenteria-Oreretako euskararen ezagutza eta erabileraren azken datuak jakinarazteaz gain, hainbat gomendio ematen ari zaizkie apirilaren 1etik 8ko astean lehenengo hitza, bigarrena eta hirugarrena euskaraz egin dezaten.
AEKko kide borja Arbelaitzek AsteBatZuk iniziatiba euskaldunak aktibatzeko eta pizteko ahalduntze ariketa izan nahi duela esan du, eta hainbat inertzien erruz, euskaldunak “beti galtzaile” suertatzen direla nabarmendu du: “Inertzi sozial horiek apurtu behar ditugu euskararentzat arnasguneak irabazteko, euskaldunok euskaraz bizitzeko aukera izan dezagun”. Asko dagoela irabazteko argi du, “horretarako euskaraz egin behar dugu, euskararen alde egotetik, euskaraz egitera urratsa egin behar dugu”.
Euskararen ezagutza %60-%80 artekoa
Errenteria-Oreretan euskaraz bizi nahi dutenak “nahikoak” direla gaineratu du Arbelaitzek, “150 lagunek izena eman izana aste batean horren adierazle da. Emaitza polita da”.
Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneko Aitzol Perez de San Romanek datuak eman ditu. Une honetan errenteriarren %60 eta %80ak duela euskara ulertzeko gaitasuna esan du, “hamar biztanletik zazpik ulertzen dute”. Erabilera datua berriz, askoz ere txikiagoa da, gora egin badu ere, “%15ak erabiltzen du euskara”. Datu horiek “irabazteko asko” dagoela erakusten dute bere hitzetan, “bidea dugula egiteko”.
Horregatik, bide horretan herri osoa konplize bihurtu nahi dutela gaineratu du, “ulertzen ez duenari, jarrera aktiboa izan dezan eskatuko diogu”.
AsteBatZuk ez dela apirilaren 8an amaituko esan dute biek. Datozen urteetan errepikatu nahi dute iniziatiba: “Lasarte-Orian 2.000 lagunek egin zuten bat iniziatibarekin. Inbidiaz begiratzen ditugu hemendik, baina han lortu badute, zergatik ez Oreretan?”.
Iniziatibak norberaren hausnarketarako baliogarri izango den zalantzarik ez dute gainera, “apirilaren 8tik aurrera utziko diogu euskaraz hitz bizitzeari? Espero dugu ezetz”. Lau Haizetararen egoitzara (Pablo Iglesias kalea 11) edeo Xenpelar AEK euskaltegira jo beharko dute Belarriprest edo Ahobizi izan nahi duten horiek guztiek, edota meza bidali iniziatibaren
posta elektronikora.