«Askatzeko bidea topatzean hasten naiz idazten»
Mikrofonoa —momentu batez— alde batera utzi eta idazluma hartu du Alain Mendizabal Diazek. ‘Jausiz’ poema liburua argitaratu du, eta bere burua biluztu du.
Eman zenuen lehenengo elkarrizketa rapero bezala egin zenuen. Orain, liburu bat argitaratu duzu. Zer dela-eta jauzi hori?
Txikitatik idatzi izan dut, eta musikari izateko salto bat eman nuen. Oso uzkurra izan naiz, eta hor aurkitu dut nire askatzeko bidea. Bide horrek eraman ninduen ludikoagoa izan zitekeen musikara, rap mundura kasu honetan.
Ez zen zertan kantatzen jakin behar, etxetik egin zitekeen… Gero nire oinarrietara bueltatu naiz. Jatorria idaztea izan da, eta berriro topatu naiz guztizko askatasun horrekin, ez duela eskatzen metrika zehatz batean sartzerik, ez erritmorik ezta errimarik ere.
Poesiak ematen al dizu askatasun hori?
Bai. Beti esaten dut irakurle eta idazle alferra naizela. Askatzeko bidea topatzean hasten naiz idazten, baina pilulatxoak dira niretzako.
Ez naiz gai narrazio luze bat egiteko, pazientzia galtzen dut. Eduki txikiekiko joera dut, eta uste dut bat egiten duela gure belaunaldiaren joera orokorrarekin. Idazterakoan hori nabaritzen dut: 40 lerroko bertso edo poema bat idazten dut, eta horrekin nahikoa dela iruditzen zait, eta beste gauza bat idazteko gogoa izaten dut. Poesiak askatasun oso bat ematen dit, nolabaiteko kanon batean ez sartzea.
Liburuaren hasieran jakinarazten da liburua erditu dela besarkada, malko eta besteetatik, eta terapia antzeko bat izan dela.
Duela bi urte inguru hasi nuen terapia bat, negarrarekin lotutakoa. Momentu hartan orduko bikotekidearekin bakarrik egiten nuen negar, eta plano intimo eta pertsonal hori zabaltzea beste esparru batzuetara zabaldu nuen: familia, lagunak…
Zerbait nabarmena kontatzeko neukanean, edo barru-barrutik ateratako momentuetan, idazteko ohitura hartu nuen. Ikusi nuenean 10-15 bat poema nituela, pentsatu nuen jendearekin hitz egin zitekeela, eta liburu formatua eman. Bilduma bat atera da, ez duelako ildo nagusi bat. Liburu formatua hartu eta olerkiak bata bestearen atzean jarri ditudanean, ikusi dut badagoela lanketa pertsonal edota terapeutiko hori. Batez ere negar egitea, jaustea, biluztea… momentu txar horiek pasatzea.
Gainera, konturatu naiz, berriro irakurri ondoren, benetan biluztu naizela, behar nuena baino dezente gehiago. Horren alde ona da nik sortu nuen ikuspuntuarekin nik bakarrik irakurriko dudala. Poesiak ematen dizu aukera metaforekin eta abarrekin jolastu eta ezkutatzeko.
Norberak poesiaren interpretazio pertsonala egingo du; hori ez dago nire esku. Polita ere bada niretzako. Jendeari galdetu izan diot ea zer iruditzen zaion idatzitakoa, eta nik sortu nuen asmoaren interpretazio oso ezberdina egin dute. Norberak bere bizipenak islatzen ditu poema bat irakurtzean, eta hori da poesiaren magia.
Esan duzu, behin irakurrita, «gehiegi» biluztu duzula zure burua. Damutu al zara?
Nire puntu nartzisista horretatik gustuko dut esposizio kontrolatu bat egitea. Gustatzen zait besteen begirada nabaritzea; onartzen dut, bestela, ez nintzakeela liburuak edo kantak sortzen hasiko. Ez nuke esango sekula gehiegi biluztea denik. Ez dut nire burua zentsuratu, baina badakizu zer kaleratzen duzun eta zer ez.
Iragartzen duzu malkoak daudela liburuan. Hasierako poemak badira horrelakoak, orriak bustita baleude bezala.
Lehenengo bi poemak badira hasiera-hasiera hartan idatzitakoak, eta ikusten nuen liburura eramateko orduan hasieran joan behar zutela, horrela hasi zelako ibilbide hori. Liburuak Jausiz du izena, lehenengo poema hitz horrekin bukatzen delako. Poema hori idatzi nuen momentu malkodun, ilun eta busti horretan, eta iruditzen zitzaidan zilegi zela, baita intentsitatea markatzeko ere.
Zer adierazi nahi duzu Jausiz izenburuarekin?
Gauden gizartean, balio eta testuinguru aldetik, iruditzen zait —zurrunbilo kapitalista honetan— ez dugula baimenik gure buruarekin egoteko. Askotan, gaizki sentitzen edo erortzen zara, gauza bat dela edo bestea dela, eta zure buruarekin duzun pultsua dela «altxatuko naiz, eta aurrera» esatea. Horren kontra egin nahi nuen; uste dut badela —zentzu batean— dinamika antikapitalista horretatik atera eta zure buruarekin egotea.
Askotan gertatu izan zait, hondoratuta egonda, beti puntu berera iristea, eta ez dakizu zergatik. Beti sentsazioa izan dut ez dudala nire buruarentzako denbora nahikorik hartu, ea zergatik kostatzen zitzaidan hainbeste nire lagunekin negar egitea, edo nire sentimenduak helaraztea. Bakarrik paper zuri baten gainean helarazi nezakeen hori.
Jaustearen garrantzia antzematea izan da, batez ere hurrengo aldi batean gertatzen zaizunerako. Helburua beti da altxatzea, bai, baina niretzako moduak eta moduak daude. Ni hondoa jota egon naiz, inpultsua hartuko dudan toki hori ukitu eta gero berriro gora egiteko, etorkizunari begira ahalik eta lur ongarrituena uzteko.
Bigarren pertsonan idazten duzu poema askotan. Nor da zu hori?
Batzuetan bigarren pertsonan idazten dut, baina nire buruaz hitz egiten ari naiz. Ispiluarekin jolasten arituko banintz bezala. Zu hori da poesiaren magiarekin jolastea; irakurleak bere istorioa osatuko du irakurrita. Norberak aurkituko du zu bat: batzuek aurkituko dute familiako kide bat, beste batek bikotekidea, beste batek laguna, besteren batek heriotza… Hizkuntzaren jolas horrekin erabili dudan errekurtsoa izan da, askotan errazagoa baita beste pertsona bati idaztea.
Gai pertsonalak daude, baina baita gai sozialak ere: aberria, pandemiako maskararen erabilerarena… Behar hori ikusten zenuen?
Badago poema bat, Amaia Belaunzaranen ilustrazioa duena, abiapuntua izan zela Egiptora egin nuen bidaia bat. Bueltan, konturatu nintzen nola sartzen gintuzten europar guztiak pack batean bezala, eta nola goazen —ustez— mesede bat egitera, gastu bat eginez eta beraien Barne Produktu Gordina puztuz. Sentitu nuena izan zen parentesi jarraitu batean ginela, toki batetik bestera, estralurtarrak bagina bezala. Sentsazioa zen jainkotuta geundela.
Okerrena izan zen lehenengo egunean norbait diru eske etortzen zitzaizula, eta ematen zenion, baina bigarren egunetik aurrera sentsibilitaterik gabe jokatzen nuela. Konturatu ginen zein pribilegio inkontziente ditugun, eta hemendik atera eta zure lekuan jartzen zarela, besteen gainetik.
Maskaren gaiari dagokionez, uste dut adierazpen askatasunari buruzko hausnarketa polita izan zitekeela. Orain oso boladan dauden gaiak aipatu nahi nituen, baita irribarreen gaiarekin jolastu ere. Egun batetik bestera esaten dizute musukoa jantzi behar duzula, eta ezin zarela etxetik atera. Askatasunaren zale garen hauek, men egiten diegu, isil-isilik geratzen gara, eta kontra egiten baduzu, badirudi negazionista zarela. Inora joan gabe, gure gizartean bertan inkoherentzia asko daudela islatu nahi nuen horrekin.
Liburuaren azken zatiak nabigazio bitakora baten antza dauka, bost poemarekin. Metaforaz beteta dago: marinelak, zeinak gizon gogorrak diren, itsasoaren apeten arabera daudela, adibidez.
Narrazio jarraitu bat da. Meditatuagoa izan zen. Lehenengo poemak izorratuta nengoen momentu batean idatzi nituen, eta idatzi bezala joan dira, baina horiek pentsatuago izan direla esan daiteke. Liburua argitaratuko nuela erabaki ondoren, bai izan zela tentu handiz hartutako gaia. Analogia bat egin nahi nuen marinelekin eta gizontasunarekin.
Kapitainaren figurak erreferentzia maskulinoen inguruan hitz egiten du. Eskifaia, berriz, gizonen espazioetan partekatzen diren baloreei buruzkoa da. Marinel baten bizitzari buruz tradizionalki pentsatzen dena islatu nahi nuen: gizontasuna muturreraino eramatea. Hitz egin nahi nuenari buruz aritzeko bidea eman dit.
Itsasoa, normalean, ibaietatik ikusten dugu, mikrotik makrora, eta nik uste dut alderantziz dela: gizontasun itsaso bat dago, eta hortik norberak hartu behar du bere ibaia, eta bakoitzak berea egin. Mikro horrek du balioa gure egunerokoan eta bizitzan.
Oiartzungo hiru emakumek egin dituzte ilustrazioak.
Amaia Belaunzaran, Ekhiñe Irastorza eta Karen Muñoz lagunak dira. Poema guztiak lotuta neuzkanean eskatu nien laguntza, baina bakarrik argitaratzeak segurtasun eza pixka bat ematen zidan. Horrez gain, testuak bakarrik argitaratzea motz gera zitekeen susmoa nuen. Musikan bezala da: kanta, bideoklipa eta TikTok bat kaleratu behar dituzu.
Oso interesgarria egin zait prozesua. Poema hauekin joan nintzaien, eta egin duten interpretazioa beraienarekin alderatu dut. Aberasgarria izan da ikustea nola interpretatzen duen beste batek buruan duzun hori, beste arte diziplina batetik.
Musika aipatu duzu. Txilly bezala hasi zinen, Hamabi taldearekin ere ibili zara. Zer duzu esku artean?
Hamabirekin urte eta erdiko ibilbidea eduki dugu, eta iaz azkeneko kontzertua eman genuen. Beste lehentasun batzuk izan ditugu, lana, bizitza aldaketa… Ibilbide polita izan da. Lagun talde izatetik musika talde izatera pasatu ginen, eta orain berriro bueltatu gara lagun talde izatera. Pila bat ikasi dut musikaz beraiekin. Nire babesguneetako bat izan da taldea. Agur kontzertua oso bizia izan zen emozionalki, baina ixteko fenomeno izan zen. Txillyrekin ari naiz orain, kantaz kanta, presarik gabe. Diskoa sortzeko aukera ateratzen bada, aurrera, liburuarekin bezala.
Liburua eskura daiteke Oiartzungo Urratsen edo Errenteria-Oreretako Niessengo kioskoan, baita 1545 Argitaletxearen bidez ere.