Ane Badiola: "Ez du etenik"
Bagoaz Euskal Herritik mundura eskua emanaz elkarri, bideak direla gure lotura, urratsak direla gure oinarri. Hasi da dagoeneko, hasi da festa. Hasi da aldarria, hasi da bira, hasi da uholdea. Hasi da eta ez du etenik izango. Hamar egun solasean, dantzan, kantuan, korrika; hamar egun abian. Bagoaz Korrika!
Atzo hasi zen hemezortzigarren Korrika eta Euskal Herriko txokoetan ibiliko da hamar egunean zehar. Zenbat emozio biltzen den bi urtean behin egiten den festa honetan! Jai giroan egiten den aldarrikapena haur eta helduengana iristen da, zahar eta gazteengana. Eskoletan petoak margotzen dituzte haurrek, abestia entseatu, Korrika Txikietan parte hartu… Korrika gauez pasatzen bada etxe askotan borrokan aritzen dira kalera irteteko baimena lortzeko. Gazteek Korrika Gaztea egiten dute, festa zabala beraien girora ekarriaz. Korrika nagusia iristen denerako ere prest egoten dira, euren sasoia agerian utziaz. Asteburuan iristen bada, festa festa gehiagorekin biribiltzeko aprobetxatzen dute. Hauek bai jakin… Helduak ere nonahi izaten dira, lasterka eginez asko eta kaleak txalo zaparradaz betetzen beste hainbat. Izan ere, Euskal Herriko kaleak kolorez betetzen dira hamar egun hauetan. Kolorez eta ilusioz. Herritar guztiek dute euren lekua festan eta horrek berezi bihurtzen du jaia. Izan haur izan heldu, nor ez da hunkitzen jende uholdea iristen denean? Negar malkoek ere bustitzen dituzte askoren masailak.
Lekukoa eramateko aukera edukitzea ere ilusioz hartzen du jendeak. Polita da mezu ezkutua daraman egur zatia eskuartean edukitzea. Herritarrez herritar pasatzen da, euskaltzaletik euskaltzalera, bihotzetik bihotzera. Korrika irekitzen duen furgonetako kideek ederki jakiten dute jendearen emozioa-eta umorearekin uztartzen. Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa korrika lelopean alferrena ere lasterka jartzen dute!
Euskara da euskaldunon ezaugarri, guztion lur eta guztion zeru, horregatik maite dugu izugarri eta gehiago maita dezakegu. Gehiago maitatu? Ez dakit ba zer esan… Maite, asko maite dugu, izugarri. Maitatzea, ordea, ez da nahikoa. Gehiago maitatu ez, gehiagotan adierazi beharko genioke maitasun hori; askotan, egunero. Has gaitezen bada gaur bertan!
Bagoaz korrika, egizu hitz herri zahar, herri berri; bagoaz korrika, eman euskara elkarri. Hartu eta eman euskara elkarri! Hasi da dagoeneko, hasi da festa. Hasi da aldarria, hasi da bira, hasi da uholdea. Hasi da eta ez da sekula amaituko. Eman euskara
elkarri!