Hiru fitxaketa eta talde berri batekin hasiko du denboraldia Antxo AFk
Lehen taldeak hiru jokalari berri izango ditu, eta Gazteen Mailako taldea ere osatu du Antxo AF-k. Guztira 45 futbolarik osatuko dute familia zuri-gorria.
Datorren asteburuan, hilak 18, Antxo Areto Futboleko lehenengo taldeak hasiera emango dio Hirugarren Mailako denboraldi berriari, etxetik kanpo, Gernikaren aurkako norgehiagokan. Presidente den Alberto Ferreresek aitortu du ilusio handiz ekingo diotela sasoiari, eta “plantilla indartsuarekin”, hiru fitxaketa berri egin baitituzte.
Azken gehitzeak Beñat Zaldua, Urtzi Arruti eta Amets Mujika dira. Ferreresen arabera, “hiru fitxaketa handi”; konbentzituta dago arduraduna euren kalitatea oso lagungarri izango zaiola areto futboleko Hirugarren Mailako taldeari.
Kluba, hazten
Klub zuri-gorriak hazten jarraitzen du, izan ere, aurreko urtean sortutako Gizonen Gipuzkoako Hirugarren Mailako taldeari (Antxo AF B), hirugarren bat gehituko diote aurten antxotarrek: Gazte Mailako taldea.
Azken hori antxotar gaztez egongo da osatuta esklusiboki. “Albiste on” iritzi dio Ferreresek horri, izan ere, hiru taldeak batuta, 45 gaztek osaturiko familia sortu du Pescados Alberto Ferreresek, horien artean %95 antxotarrak direlarik. “Horretan datza, azkenean, herriko gazteek herriko taldean toki bat edukitzean”.
Zuzendariak eskerrak eman nahi izan dizkie kluba finantzatzen duten babesleei: “Geroz eta gehiago dira, dagoeneko hiru laguntzaile garrantzitsu ditugu”. Lehen taldeak, betiko legez, Pescados Alberto Ferreresen babesa jasoko du, bigarrenak Erretxiki Olasagastirena, eta Gazteak Ibaiondo Kantinak babestuko ditu.
Aipatutakoez gain, gainontzeko babesle guztiei nahiz elkarteko bazkideei esker ona adierazi nahi izan die Ferreresek. “Haiei esker aurrera egin baitezake klubak, geroz eta gehiago baitira gastuak ere”.
Emakumeen taldea, etorkizuneko erronka
Etorkizunari begira ere jarri da Antxo AF. Hurrengo denboraldian emakumezkoen areto futboleko talde bat osatu nahiko lukete, “asko baitira futbolean aritzen diren emakume antxotarrak, eta ahalmen handia dago herrian”.
Hori horrela, Antxoko neska eta emakumeei deia egin die Ferreresek hurrengo urtean izena ematera anima daitezen, familia zuri-gorria haiekin sendotu eta are gehiago hazi dadin. “Eskerrik asko babesle, zale, eta antxotar guztiei. Bihotzez, mila esker. Ale, pescaus, ale!“.