Aprendiztegiko ontzigileen bigarren promozioa graduatu da
Ontzigintza tradizionala bizirik mantenduko duten bost aditu berri trebatu ditu Albaolak. Pasaiatik Grezia, Kolonbia, Italia eta Madrilera hedatuko dute ogibidea.
Joan den astean graduatu ziren Aprendiztegi Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza eskolako bigarren promozioko bost ikasleak. Horiei esker, galtzear den ontzigintza tradizionalaren ogibideak jarraipena izango du nazioartean.
Biziraupen hori bermatuko duten bost ontzigileak Giannis Bormpantonakis, Ioanna Moutousidi, Daniel Constain, Saul Hoffmann eta Federico Monsalve dira. Grezia, Kolonbia, Italia eta Madrildik, hurrenez hurren, etorri ziren Pasaiara lehen aldiz, hiru urteko prestakuntzari ekiteko. Denbora horretan, lanbide
tradizionala ikasteaz gain, itsas ondarea berreskuratzeko eta zabaltzeko lanean ere ibili dira faktorian.
Graduazio ekitaldia eskolan bertan egin dute, eta Albaolako presidente Xabier Agotek hartu du hitza lehenik, aipamen berezia egiteko Ioanna Moutousidiri: “Bereziki harro nago, tradizioz gizonentzat bakarrik izan den lanbide batean hezi den gure eskolako lehen emakumea delako. Bere ziurtasunarekin bide bat ireki du emakume askorentzat, itsasontziez gain, mundu aske eta berdintasunezkoa eraiki dezaten”.
Jarraian, diploma jaso dute ikasleek eta beren esperientziari buruz hitz egin nahi izan dute, “esperientzia aberasgarria”, “uretaratze bereziki politak”, “inguru multikulturala”, “pertsonen aniztasuna” eta “ikuspegi ezberdinak” hartu dituzte ahotan, besteak beste.