Hiru euskal presoen lanekin atondutako Zorroztarri erakusketa Donibaneko Victor Hugo etxean dago ikusgai.
Hiru euskal preso politikoen lanekin atondutako erakusketa ikusgai dago egunotan Donibanen. Zigor Merodio Larraonaren eskulturak batetik, eta Alaitz Areitio Azpiriren zein Yon Troitiño Ciriaren bertsoak bestetik. Horiexek Victor Hugo etxean egunotan ikus daitekeen erakusketaren osagai nagusiak.
Zorroztarri izenburupean, eskulturak, bertsoak eta argazkiak bildu dituzte erakusketan, egileek webgunearen aurkezpenean diotenez, “inposatutako distantziatik istorio bat kontatzeko”.
St. Martin de Re espetxean dago preso Zigor Merodio Larraon, Bretainiako Rennes kartzelan Alaitz Areitio eta Murtzian dago preso Yon Troitiño Ciria. Iaz ekin zioten elkarlanari, eta kanpotik ere izan dute laguntza, senide eta lagunena ez ezik, Edu Martinez argazkilariarena. Bilbotar argazkilariak, eskultura bakoitzak oroitarazten duen eszena hautatu eta irudiak hartu ditu, bertsoei euskarria eskaintzeko.
Baina egileek gehiago nahi dute, eta erakusketaren ikusleak partaide nahi dituzte, haien ekarpenak jaso eta zabaldu, eta gonbidapena luzatu dute, erakusketaren azken artelana denon artean egin “eta horretarako “argazki, komentario edota bideoak
#zorroztarri labelaren bidez konpartitzeko”.
Victor Hugo etxera hurbiltzen diren ikusleek, nola ez, izango dute horretarako aukera. Erakusketaren antolatzaileek jakinarazi dutenez, koaderno bat dago bertan mezuak idazteko, eta bideo kamera bat ere jarri dute, mezua grabatu eta helarazi nahi duen pertsona ororentzat eskuragarri. Horrez gain, Zigorrek sortutako egutegiak eskura daitezke borondatearen truk.
Juanba Berasategiren omenez
Zorroztarri erakusketa zergatik eta nolatan iritsi den Donibanera jakinarazi nahi izan dute, bide batez, Donibaneko erakusketaren antolatzaileek. “Juanba Berasategik Zigorri esana zion bere erakusketa Donibanera ekarriko zuela”, kontatu dute. Zigor Merodio Ander Mujikarekin batera dago preso St. Martin de Re espetxean, eta Mujikari egindako bisita batean adierazi zuen erakusketa Pasaiara ekartzeko asmoa Berasategik.
Ezusteko heriotzak, ordea, ez zion zinemagile sanjuandarrari bere asmoa gauzatzerik baimendu, eta orain presoek haren omenez egon nahi izan dute Donibanen. “Omenaldi bat eskaini nahi izan diote modu honetan Berasategiri”, kontatu dute antolatzaileek.
Erakusketa hilaren 15era bitartean izango da ikusgai Donibanen, astelehenetik larunbatera, 17:30etik 20:00etara eta igandean 12:00etatik 14:00etara.