Iaz jaio ziren 79 oiartzuarrei harrera egiteko atsolorra prest dute
Hilaren azken egunean egingo dute atsolorra. Haurren gurasoek eta udalak ekitaldi polita prestatu dute egun horretarako, ongietorria biribila izan dadin.
Hilaren 31n egingo dute aurtengo atsolorra. Iaz, Oiartzunen, 79 haur jaio ziren, eta horiei guztiei ongietorria modu komunitarioan egiteko elkartuko dira. 10:30ean hasiko da ekitaldia.
Haurren gurasoek eta udalak elkarlanean findu dute egitaraua. Lehenik eta behin, Josune Cousillas Kultura zinegotziak harrera egingo die denei. Ondoren, Aritz Oiartzabal Kapeo aitak txalaparta joko du, eta ttakunaren hotsekin haurren eta herriaren arteko hitzarmen sinbolikoa irudikatuko dute. Ondoren, musikaren txanda izango da: Joxe Leon Kazabonek eta Ane Badiolak Amaren bularra, Amatxo eta Maitatasunez kantak abestuko dituzte. Jon Martin bertsolariak ere abestuko du. Ekitaldiarekin bukatzeko, oiartzuarren zuhaitza osatuko dute, eta haur bakoitzari zapi bat jarriko diote.
Atsolorra euskal ohitura zaharra da, komunitarioa. Oiartzunen duela bost urte berreskuratu zuten, eta urtero ari dira ekitaldia egiten. Atsolorraren bitartez, herriak bere gain hartzen du oiartzuarren heziketaren ardura, euskal kulturan eta euskaran hazten laguntzekoa.
Dokumentala
Igande horretakoa ez da antolatuko duten ekitaldi bakarra izango. Bi egun lehenago, hilaren 29an, Ruben Rosasen Atsolorra dokumentala eskainiko dute bibliotekan. 17:00etan hasiko da emanaldia, eta egilea bera bertan egongo da. Emanaldia bukatuta, solaserako aukera izango dute bertara joaten direnek.
Haurren izenak
Aiala; Uxue; Bidatz; Maren; Ziara; Mikel; Jara; Luca; Adei; Asier; Ekhi; Libe; Allys Isaene; Haitz; Laia; Alaia; Simone; Paula; Alain; Iara; Daria Ehinomhen; Egoa; Markel; Ekain; Ekhi; Ekai; Ara; Ekaitz; Xuhar; Kattalin; Amel; Oxel; Irati; Favio Sebastian; Unai; Lide; Guillermo; Maiane; Aratz; Nayeli; Mara; Ibai; Ganix; Udane; Anje; Naier; Elian; Izaro; Lian; Nikolas; Hegoa Namur; Nahia; Amir; Eki; Nira; Alia; Luar; Maya; Naroa; Jare; Adei; Nile; Yasmin; Amets; Sara; Ethan; Carlos; Kiara; Izar; Eñaut; Dei; Oier; Adur; Renad; Aiur; Ekain; Kepa; Dalu eta Hegoa.