Autoa etxean utzi eta bizikleta kalera ateratzeko deia egin dute
Mugikortasun astean murgilduta dago Errenteria-Orereta, eta herritarrak gaiaren inguruan kontzientziatzea du helburu udalak, Mugi zaitez aire garbiago baten alde lelopean. Zentzu horretan, larunbatean II. Txirrindu Ibilaldia antolatu du. Martxa kontrolatu bat izango da, ordu erdi ingurukoa, eta hainbat adinetako jendeari zuzenduta dago.
Biteri kalean hasi eta bukatuko da, baina irteera ordua adinaren araberakoa izango da. 11:15ean benjaminak aterako dira (2004-2005ean jaiotakoak) eta 12:15ean alebinak eta hortik gorakoak. Parte hartzea doakoa da, eta ez da aurretik izena eman behar.
Errenteriako Udalak azaldu duenez, herritarrek bereziki garraioak airearen kalitatean duen eraginaz gogoeta egitea bultzatzea du xede: “Datuak argiak dira, hiri garbienak hiri osasungarrienak dira. Zikinkeriarik gabeko aireak bizitza luzeagoa izateko aukera ematen du, eta murriztu egiten du arnasketa osasun arazoak eta kardiobaskularrak izatea”.
Hala ere, airearen kutsadurak gizakien osasunean bakarrik ez duela eragina gogorarazi du udalak: “Ingurumena kaltetzen du, azidifikazioa, bioaniztasun galera, ozono geruzaren murrizketa eta klima aldaketa eragin”.