Axun Ertzibengoa Aizpiolearen gutuna: "Uxua"
Uxua Larretxea gazte oiartzuarra hil da. Hona, hari eskainita, Axun Ertzibengoa Aizpiolea Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko kideak idatzitako gutuna:
Zenbat jende ezagutzen ote dugu gure bizitzan zehar! Ziur aski, zerrenda bat egiten hasita, asko ahaztuko litzaizkiguke bidean, izan ere, hainbeste dira gutako bakoitzaren bizitzan gurutzatzen diren pertsonak. Baina batzuk ez zaizkigu inoiz ahazten, arrazoi desberdinak tarteko, hortxe geratzen dira gure oroimenean hiltzatuta.
Nik ez dut Uxua sekula ahaztuko. Nola ahaztu haren irribarrea, haren begi handiak, eta goiz goizetik erakusten zuen indarra eta bizipoza. Ezin. Nola ahaztu iritsi orduko egiten zigun diosala alaia, eta ikasleak fin-fin lanean jartzeko zuen ahalmena. Ezin.
Baten batek pentsatuko du urte askotako harreman estua dagoela atzean. Ez ba! Bi ikasturte eskas. eta bulegoak elkarren ondoan egotea aski izan da, Uxua, ahaztu ezingo ditudan horien zerrendan sartzeko. Izan ere, batzuetan ez da denbora askorik behar, ezta harreman sakonegirik ere, pertsonak atzean duen borondatea, zintzotasuna eta elkarlanerako gaitasuna ikusteko. Eta Uxuak, horiek guztiak zituela erakutsi zidan ezagutu orduko. Erraza, oso erraza da horrelako pertsonekin konfidantza giroa sortzea; eta ederra, horrelako jendez inguratuta egotea.
Mina dut orain, mina eta amorrua. Mina, hark utzitako hutsunea oso handia delako. Eta ez niretzat bakarrik, ezta gutxiago ere: hutsunea familiarentzat, lagunentzat, lankideentzat, ikasleentzat,…eta niretzat, noski. Nirea, guztietan txikiena izanik ere handia da, ezen ez dut pentsatu nahi besteena nolakoa izango den. Amorrua ere badut, halako alaitasuna eta bizipoza zuen emakumearen heriotza irenstea ezinezkoa egiten zaidalako; amorrua, oso gaztea zelako eta horrek heriotzaren injustizia areagotu egiten duelako; eta amorrua, ezustean joan zaigulako.
Berria jakin orduko barrua puskatu zait. Bere irribarrearekin transmititzen zigun alaitasuna eta bizitzarekiko zuen jarrerarekin gugan uzten zuen arrastoa zenbaterainokoak ziren esateko aukerarik gabe joan zaigula pentsatu dut. Eta badaezpada idatzi egin dut, berari esan beharra sentitzen nuelako, eta ezagutu ez zutenek jakin dezaten. Dena ez baita txarra. Izan ere, zorte handia izan dugu Uxua ezagutu dugunok, eta heriotzak bera eraman badu ere, ez ditu oroitzapen horiek eramango. Orain, aurrera egitea dagokigu, beragandik ikasitakoa praktikan jarriz: bizitzari baikor helduz, eta ezpainetan irribarre eder bat marraztuz. Mila esker Uxua, ez adiorik!
Axun Ertzibengoa Aizpiolea, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea