Berdintasuna aldarrikatzeko lehiaketa antolatu du Emeki elkarteak
Emeki elkarteak, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin, Berdintasunerako Irudiak izeneko argazki lehiaketa antolatu du lehenengo aldiz, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna landu eta herritarrak sentsibilizatzeko asmoz. Genero ikuspegiko lehiaketa 1...
Emeki elkarteak, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin, Berdintasunerako Irudiak izeneko argazki lehiaketa antolatu du lehenengo aldiz, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna landu eta herritarrak sentsibilizatzeko asmoz. Genero ikuspegiko lehiaketa 12 eta 15 urte bitarteko gazteentzat antolatu dute. Berdintasunari lotutako hiru ideia hautatu ditu Emeki elkarteak lehiaketaren oinarri gisa: giza baloreak, ardurak eta soldatak.
Hiru balore, hiru esaldi
Emekiko ordezkari Montse Garmendiak nabarmendu duenez, «hiru balore, hiru esaldi, hiru argazki» nahi dituzte lehiaketari funtsa emateko. Balore bakoitzarekin, gainera, esaldi bana prestatu dute lehiakideei ideiak emateko: Ez dago gizonezkoen edo emakumezkoen balorerik, giza baloreak baizik; Ardura berak hartuta eskubide eta aukera berak lortzen dira, eta Gizonek eta emakumeek, lan berdina eginda soldata berbera eskuratu behar dute. Hala, gazteek esaldi horiek irudikatzen dituzten argazkiak egin beharko dituzte.
Argazkiak entregatzeko epea hilaren 20tik urtarrilaren 10era irekiko dute, eta lehiaketa digitala izanik, emekielkartea@hotmail.com helbidera bidali behar dira irudiak, jpg formatuan.Saririk gabeko lehiaketa bada ere, argazkirik onenak leku publikoetan jarriko dituzte eta berdintasunari buruzko kartel bat egiteko erabiliko dituzte horiek guztiak.