Bilketa Handia, behar dutenentzako
Gipuzkoako Elikagaien Bankuak antolatuta, Bilketa Handia egingo dute gaur eta bihar.
‘Biztanle bat, kilo bat’ da Bilketa Handian aurrera eraman nahi duten filosofiaOhi bezala, galkorrak ez diren elikagaiak eskatzen dituzte, iraungitze datarik gabekoak. Produktu lehorrak ere gustura hartzen dituzte. «Gure esperientzia kontuan hartuta, urte osoan zehar bana ditzakegu mota horretakoak diren produktuak. Beste batzuek, aldiz, iraungitze data dute. Adibidez, esneak. Bizpahiru hilabete irauten ditu. Esne asko ematen digute, baina iraungitu egiten da».
Elikagaiak… edo bonoak
Martinezek jakinarazi duenez, Gipuzkoako Elikagaien Bankuak hainbat supermerkatu kateekin akordioa itxi du. Eroskiko dendak eta Uvescokoak —Super Amara eta BM— dira establezimenduak. Bertan, produktuak fisikoki emateko aukeraz gain, bonoak erosteko aukera emango dute lagundu nahi dutenek. «Jendeak diruaren truke erosten ditu bono horiek. Bote bat jartzearen antzekoa da. Guk bono horiek elikagaiengatik aldatzen ditugu; diru hori gordeta gelditzen da, eta urtean zehar behar ditugun produktuak eros ditzakegu», azaldu du. Iazko kanpainan bildutakoa aurtengo apiriletik aurrera erabili dutela azaldu du. 200.000 litro esne erosteko baliatu zuten, baita beste hainbat produktu ere: olioa, azukrea, haurrentzako elikagaiak… «Egia esan», baietsi du Martinezek, «jendeari gehiago kostatzen zaio dirua askatzea, baina guretzako oso lagungarria da. Produktuak emateak badu bere xarma, eta gainera normalena da. Oso asebeteta geratzen zara, gainera. Diruarena beste zerbait da… jendeak errezeloa eduki dezake, ‘Hauek zer egingo dute diruarekin?’ eta abar galdetzen diote bere buruari». Urteko Bilketa Handian parte hartzeko 80 establezimenduetara —gutxienez— jo daiteke. Hori da Gipuzkoako Elikagaien Bankuak kontrolatuta duen saltoki kopurua. «Denda horietan Elikagaien Bankuko boluntarioak egon ohi dira», esan du Martinezek. Baina ñabardura egin nahi izan du: «Gero momentuan momentuko boluntarioak egoten dira, bere kabuz bilketa egiten dutenak. Eskatzen badigute, biltzeko kutxa handiak uzten dizkiegu, edo kartelak, bilketa hori iragartzeko».Elikagai ez galkorrak, haurrentzakoak eta pardelak eskatzen dituzte kanpainarakoEuren kalkuluen arabera, kontrolpean dituzten 80 denda horietan 1.700 boluntariok parte hartzen dute, eta gainontzekoetan beste hainbeste egon daitezkeela uste du elikagaien bankuko presidenteak. «Zalaparta handia da!», esan du, txantxetan. Zalaparta hori, baina, ez da dendetan hasi eta bukatuko. Jasotako elikagai guztiak Oiartzungo pabiloietara eraman behar dituzte. Azpiegitura handia behar da hainbeste tona mugitzeko. Aurten deialdi berezia egin diete furgonetak dituztenei, beren ibilgailuarekin garraiolari lanak egin ditzaten. Erantzuna berehalakoa izan zela ziurtatu du elikagaien bankuko presidenteak, eta ez dutela arazorik izango Gipuzkoa osora iristeko. Boluntarioen prestutasuna ere eskertu du. Gipuzkoan arazoak izan dituzten toki bakarra Tolosa izan da. Azken urtean eskariak behera egin duela nabaritu dute. «Badirudi gauzak hobeto doazela, baina pobrezia energetikoa deitzen zaionaren eragina askoz handiagoa da. Potoetan sartutako txitxirioak edo babarrunek eskari handia dute. Jaki horiek eginda daude, eta pixka bat berotu eta aurrera. Horrekin pixka bat aurrezten da». Harentzat albiste bikaina da beharra jaistea. Alde batetik, jende kopuru txikiagoa delako gaizki pasatzen ari dena, eta, bestetik, elikagai kopuru bera gutxiagoren artean banatu eta arreta hobea delako. Potoetan datozen jaki prestatuekin batera, edozein motako kontserbek ere demanda handia dute. Martinezek jakinarazi du gehien gogoko dituzten jakiak garestiak direla, jendeak asko eskertzen dituelako, baita euren funts ekonomikoek ere. Hori bai, berriro gogorarazi du elikagai horiek ez dutela galkorrak izan behar. Elikagaiak ez diren arren, pardelak ere jasotzen dituzte, jende asko joaten delako haien eske. «Gure helburua ez elikagai kopuru erraldoia biltzea, baizik eta beharra duten horiei arreta ona eskaintzea».