Borja Arratibel: «Nire lanak oso biluziak dira, batez ere azken erakusketa honetan»
Gaur inauguratuko dute Donostiako Okendo kultur etxean Borja Arratibel sanpedrotarraren azken lanak biltzen dituen erakusketa, eta otsailaren 23ra bitartean izango da zabalik, areto zaharrean.
«Zerbait galtzen da bidean ez baduzu azkar eta di-da batean marrazten» «Ironia puntu batek goxatu egiten du, eta nik neuk ere behar izaten dut» «Pertsonaiak marrazteaz gain, egoerak jaso nahi izaten ditut»San Pedron duzu tailerra, zure jaioterri eta bizilekuan, eta bertan sortzen duzu. Zure ingurutik elikatzen zarela diote adituek. San Pedron nahikoa bazka ba al da? Hori jendeak esaten du. Jendeak joera du nire lanetan bere ingurukoak ikusteko. Askotan esaten didate erretratatu dudan pertsonaia bat, hau dela edo bestea dela. Pentsatzen dut ere nire inguruko eta herriko jendearen morfologia nireganatuta dudala, eta hori islatuko dela nolabait, baina ez da inolaz ere era kontzientean edo nahita egiten dudan zerbait. Herri honetan jende zelebrea ere badago, eta batzuetan egin izan dut, baina nik egiten dudana ez da inoiz erretratu zuzen bat. Askotan, gainera, pertsonaiak marrazteaz gain, egoerak jaso nahi izaten ditut. Oraingo honetan, esaterako, elkarrizketa asko daude. Elkarrizketetan askotan tokatzen zaigu itxura bat eman beharra, eta askotan ere sumatzen duzu bestea ere itxura bat ematen ari dela. Nik batzuetan sumatzen ditudan egoerak marraztu ditut, baina ez zehazki nire inguru hurbilean, ezta pentsatu ere. Beraz, zer topatuko du Okendora hurbiltzen den bisitariak? Gizartearen erretratu bat. Pertsonaiak, baina pertsonaia estereotipoak, nolabait esateko. Telebistan agertzen diren goi politikako eta auzi gorenetako jendea, boterea duen jendea, gizatasunik gabeko jendilajea, gugan eragin handia duena. Eta haien arteko elkarrizketak… Bai, gutaz hizketan ari diren bitartean, azpijokoetan, gure etorkizuna erabakitzen, baina gu gabe. Komikien traza dute zure lanek. Komiki zalea zara? Gustatzen zaizkit, baina ez naiz bereziki zalea. Gertatzen dena da komikietan ere marrazkia oso zuzena dela, marrazkiak oso bat-batekoak direla eta oso trinkoak. Zentzu horretan, bada bai, egon daiteke parekotasunik. Estilo aldetik ere, marrak badu garrantzia, eta marrazkia da oinarria, komikietan bezala. Marrazkia da gehien nabarmentzen dena, eta kolorea gehigarri bat da, komikietan gertatu ohi den bezala. Zentzu horretan bai. Nire lanak oso biluziak dira, batez ere azkeneko erakusketa honetan. Baditut beste lan batzuk non koloreak garrantzia gehiago duen, baina azken hauetan, parekotasun bat egon daiteke. Hala ere, nik komikitik gertu daudela esan baino, nabarmenduko nuke marrazkia dela oinarria, koloreak gehigarri bat direla, eta berehalakotasuna. Eta beste arte adierazpideen eragina baduzula esango zenuke? Musika, zinea, publizitatea… Bai, nik uste dut kasu honetan publizitatearen eragina igarri daitekeela. Lan batzuk kartel itxura dute, edo itxura hori hartu diet nik behin lanak bukatuta. Formatuarengatik, zineko kartel klasikoak edo politikako lehenagoko eta betiko kartel horien antza dute lan batzuek, non irudia dagoen eta ez dagoen fondorik. Ikuspegi horretatik bai, badago eragin bat. Kartelak asko gustatzen zaizkit. Arte Ederretan lizentziatu zinen, Bilbon, grabatuen espezialitatean. Aitzitik, ez da gerora gehien landu duzun arloa. Ez, egia esan oso gutxi landu dut, baina nik ikusten dut nire sorkuntza honetan grabatuak baduela toki bat, trazuaren, marraren, marrazkiaren zentzu horretatik, grabatu kalkografikoarena alegia. Orain baino lehen erakusketa indibidual eta kolektibo batzuk egin dituzu. Zuretzat zein izan da orain arte esanguratsuena? Bada, une honetan, hau, Jendea eta jendilajea, uste dudalako egin ditudanetan orain arteko lanik osoena dela. 31 lan inguru dira, urtebetean sortuak. Nahiz eta aspaldi erakusketarik ez dudan egin, beti nago lanean eta sortzen. Iazko urtarrilean lagun batek deitu zidan, Bilboko bere tabernan erakusketa jartzeko eskatuz. Aurretik ere erakutsi izan ditut nire lanak han, oso gustura beti. Aitzakia horrekin marrazki hauek egiten hasi nintzen, eta konturatzerako banuen nahiko materiala erakusketa potoloago bat prestatzeko. Okendon eskaini eta baietza eman zidaten. Askotan pasatu zait sortzen joan naizela, baina lanek ez dutela batasun nahikoa izan erakusketa bat osatzeko. Kasu honetan, zentzu horretan, batasuna duten lanak dira. Ni oso kontent nago emaitzarekin. Zu pozik zaude beraz, baina nola nahiko zenuke aretorik irtetea zure erakusketa bisitatzera doana? Gustatuko litzaidake jendeari interesgarria iruditzea, ulertzea nire marrazkien bidez egin dudan irakurketa, horixe nahiko nuke batez ere.