Eguzki: "26.459 tona hondakin organiko birziklatzea da erronka"
Oarsoaldeko Eguzkik 2013 inflexio puntua izatea nahi du hondakinen kudeaketaren arloan, eta arlo horretan, Errenteria-Oreretan dagoen hurrengo erronka “26.459 tona hondakin organiko birziklatzea” dela esan du. Kopuru hori 2011ko datuak kontuan hartuta 2020era arte bilduko den hondakin organikoaren estimazioarena da.
Datu horiek aintzat hartuta, bi aukera daudela adierazi du Eguzkik, birziklatzea konposta sortzeko, edo birziklatu ezean, hondakinak tratatzeko tasarik altuena ordaintzea. “Birziklatu behar dela denak gaude ados. Gainera, 2020an Europako Batasunak derrigortuko badu organikoak birziklatzea zergatik ez hasi lehenago, beste udaletan egiten duten bezala?”.
Horrez gain, gogorarazi du 2008/98 araudiak “argi eta garbi” azaltzen duela 2020etik aurrera ezingo direla erre birziklatu daitezkeen hondakinak; “hondakin organikoak, beraz, ezingo dira erre”.