Etorkinak eta bertakoak mahai bueltan, Bizilagunak egitasmoaren eskutik
Hilaren 22an egingo du SOSArrazakeriak Bizilagunak egitasmoa eta momentuz 30 familiek eman dute izena parte hartzeko, iaz baino hamar familia gehiagok.
Bizilagunak egitasmoa antolatu du laugarrenez SOS Arrazakeriak. Egitasmoaren bidez bertakoen eta etorkinen harteko harremana sortu eta adiskidetasun loturak eraiki nahi dituzte. Hilaren 22an egingo du SOSArrazakeriak Bizilagunak egitasmoa eta momentuz 30 familiek eman dute izena parte hartzeko, iaz baino hamar familia gehiagok. Mahaiaren bueltan eta bazkaria aitzaki landuko dute bertako eta etorkinen arteko zubiak eraikitzeko apustua.
Bi familia elkartuko dituen bazkari bakoitzean dinamizatzaile bat izango da, eta hura arduratuko da logistikaz eta familiekin harremanetan jartzeaz.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, aurten lehen aldiz gehiago izan dira egitasmoan parte hartzeko izena eman duten etorkin familiak bertakoak baino. Horren harira deialdia egin dute bertakoak animatu eta izena eman dezaten. 30 familiek izena eman badute ere 40 iritsiko diren ustea ere badute antolatzaileek eta dinamizatzaile lana egingo duten lagunen beharra ere plazaratu dute. Parte hartu nahi duten familiek edo dinamizatzaile izateko prest daudenek oraindik ere badute Bizilagunak iniziatibarekin bat egiteko aukera. Horretarako SOS Arrazakeriak Pablo Iglesias kalean (Merkatuzar ondoko eraikinean) duen egoitzara joan behar dute.