Gaur goizean agerraldia egin du presoen senideen elkarteak, Donostian, atzoko polizia operazioa salatzeko.
Etxerat, suskal presoen senitartekoen elkartearen arabera, Espainiak “abokatuak bahitu ditu Europan Eskubideen urratzeagatik kondena berriak ekiditeko”. Eta gainera, “herri honen elkartasuna eta babes ekonomikoa zapuztu eta lapurtu” nahi izan dituztela salatu dute. “Bazterrak nahastu eta elkartasun zein babes juridikoa kriminalizatu dituzte”. Izan ere, defentsarako eskubidea urratu zaiela diote.
Gaur goizean agerraldia egin du Etxerat-ek, atzoko polizioa operazioa salatzeko.
Beren ustez presoak abokatu gabe uztea baino “tranpa” handiagorik ez dago, eta atzoko operazioa lege eta zuzenbideari nahi beste tranpa egiteko beste urratsa bat besterik ez da “gure senideek bide juridikoak jorratzen ari diren honetan”.
Mobilizatzeko deia luzatu eta iragarri dute Etxerat-ek bat egingo duela eragileek deituko dituzten mobilizazioekin. “Konponbidearen garaia, giza eskubideen urraketekin amaitzeko garaia eta nola ez, bakea eraikitzeko garaia da”.
Munduko Sindikatuen Federazioaren salaketa
Euskal presoen defentsa lanetan aritzen diren abokatuen aurka Guardia Zibilak eginiko
operazioan, LAB sindikatuaren egoitzara sartu ziren poliziak. Larunbatean presoen eskubideen alde Bilbon eginiko mobilizazioan bildutako 70.000 eta 90.000 euro artean eraman zituzten guardia zibilek egoitzatik.
Munduko Sindikatuen Federazioak (MSF) nabarmendu du nazioartean ezaguna den eta munduko mugimendu sindikalaren aitortza duen erakundea dela, eta errespetua eskatu du MSFk euskal sindikatuarentzat: “MSFk arbuiatu egiten du Espainiako Gobernuko indar errepresiboen jarrera, metodo horiek hirugarren munduko gobernu autoritarioek erabili baitituzte”. Federazioak elkartasuna adierazi dio LABi, eta atxilotuak aske uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. 90 milioi kide ditu federazioak.
Manifestazioan bildutako dirua sindikatuaren egoitzan egotearen arrazoiak eman ditu Sarek, mobilizazioaren antolatzaileak: “LAB sindikatuak ez du inongo erantzukizunik, egin duen bakarra larunbatean jasotako txanponak euren bulegoan batzeko aukera ematea izan da, gaur goizera arte banku bulegoak itxita zeudelako”.