Fanderia auzoa berrantolatzeko proiektu batek oinezkoen segurtasuna hobetuko du
Oinezkoentzako auzo hobea eta seguruagoa lortzera bideratutako neurriak direla hartuko direnak azaldu du udalak.
Ingeniaritza batek eta udal zerbitzu teknikoek egindako proiektu honen helburu nagusia da auzo osoko oinezkoen segurtasuna hobetzea. Aurreikusitako jarduerak trafiko azterlan batekin kontrastatu dira, eta auzoarentzako honako onura hauek aurreikusten dira: oinezkoen segurtasuna areagotzea, auzoko trafiko orokorra %30 baino gehiago murriztea, ibilgailuen kanpoko trafikoa %61 murriztea, ibilgailuen gehiegizko abiadura murriztea, eta ilara bikoitzak kentzea. Gainera, zerbitzuak berrantolatuta, aparkaleku plaza kopurua handitzea lortuko dute.
Proiektuan txertatu beharreko neurriak erabakitzeko garaian, urtarrila eta otsaila artean egindako trafiko azterlana izan du oinarrian udalak. Horrek erakutsi du ibilgailuek gehiegizko abiadura erabiltzen dutela, eta auzoan, gaur egun, zirkulazio bolumen handia dagoela. Kanpiana ibilgailuen fluxua neurtzeko egin zen, bolumenak, abiadurak eta norabideak ezagutzeko.
Aurreko hilabetean zehar proiektua aurkeztu eta kontrastatu egin du udalak auzo elkartearekin eta beste herritar talde batekin, proposamenak eta ekarpenak jasotzeko asmoz. Bestalde, eskuorri informatibo bat banatzen ari da udala auzoko postontzietan proiektuaren garapenarekin lortuko diren neurri eta hobekuntza garrantzitsuenekin. Aurreikusitako jarduerak honakoak dira: Oinezkoen pasabideak goratu egingo dituzte; sigi-saga arinak egingo dira ibilgailuen abiadura murriztuarazteko ere; Fanderiako pasealekua eta Dario Regoyos noranzko bakarreko kaleak izango dira, eta azken horretan noranzkoa aldatuko da; eskola autobusen geraleku bat ezarriko da; auzoko merkataritzarako eta zerbitzuetarako zamalanetarako gunea ezarriko da: biribilgune bat eraikiko da Touring etorbidean, auzoan sartu gabe buelta eman ahal izateko; 10 kilometro orduko abiadura eremuak ezarriko dira auzoko erdigunean.
Azken batean, oinezkoentzako auzo hobea eta seguruagoa lortzera bideratutako neurriak direla hartuko direnak erantsi du udalak.