GUTUNA: 'Otsailak 13, Torturaren aurkako eguna'
Tortura: zigor gisa edo aitorpen bat lortzeko, hainbat tresna eta bide erabiliz pertsona bati eragiten zaion min fisiko edota psikologiko larria. Horra definizio teknikoa.
Poltsa, kolpeak, egurra, elektrodoak, posturak… Umiliazioa, mehatxuak, mespretxuak, autoinkulpazioa… Bortxaketa, erasoa, ukimenak, irainak… Bakardadea, iluntasuna, ahulezia, mina… Amesgaiztoak, antsietatea, isiltasuna, beldurra… Bortizkeria, inkomunikazioa, pertsonaren txikizioa, identitatearen galera, hil nahi izateraino. Suntsitu, suntsitu, suntsitu. Norbanakoa suntsitu, mugimendu bat suntsitu; kolektibo oso bat beldurtu, txikitu. Hemen, aldiz, torturatutakoen testigantzen isla. Horixe adierazi izan ohi dute azken 60 urte hauetan kolore desberdinetako poliziek torturatu dituzten 30.000tik gorako herritarrek.
Gure herriaren zati handi baten errealitatearen parte izan da tortura hainbeste urte eta hamarkadetan, tartean eraildakoak, zoritxarrez. Eta oraindik bere ondorio basatiak ari gara pairatzen. Izan ere, bizitza osoan eramango du harekin tortura sufritu izan duenak, haren izaeran txertatuko da eta horrekin bizitzen ikasi beharko du. Zauria ezin sendatu geratuko da, aitzitik, horren existentzia ukatzen denean, eta gaitz handia bilakatuko da, luzera begira, norbanako horrentzat, ingurukoarentzat zein jendarte osoarentzat.
Hala ere, nahiz eta Estatuak ezarritako makinaria osoari aurre egiteko eta tortura salatzeko lanean aritzean nola epaitegiek hala komunikabideek oztopoak besterik ez jarri, pentsatzen dugu potentziala herriak duela, jendarteak, alegia. Hortaz, dei egiten diogu torturaren isiltasunarekin bukatzeko saiakera egin dezan.
Honela, gogoratu nahi dugu egun gutxi barru 38 urte beteko direla Joxe Arregi Madrilgo Dirección General de Seguridad delakoan bederatzi egunez inkomunikatuta pasa ostean torturaz erail zutela, otsailaren 13an, hain zuzen ere, torturaren aurkako eguna gu guztiontzat.
Argi dugu, beraz, aitortza abiapuntu izanda, haritik tira eta honen arduradun politikoak eta konplizeak argitu, kalteak erreparatu eta bermeak zehaztu behar direla, berriro inoiz gerta ez dadin.
Hau guztia salatu eta aldarrikatuko dugu, bada, datorren asteazkenean, 19:30ean, Herriko plazan Aitortza – erreparazioa – ez errepikatzeko bermeak lelopean egingo dugun elkarretaratzean.
Joxe Luis Maritxalar, Oreretako Ezker Abertzalearen izenean