Harrera Astea antolatu dute, Oiartzunen kohesioaren bidean
Oiartzungo Udalak eta eragileek hainbat ekitaldi antolatu dituzte hilaren 14tik 20era. Etorri berriak integratzea ezinbestekoa dela uste dute.
Oiartzungo hainbat eragilek zein udalak, elkarlanean, Harrera Astea antolatu du. Hilaren 14an hasiko da, eta 20ra iraungo du. Tartean, hainbat ekitaldi egingo dituzte, harrera beharrean daudenentzako.
Udalak adierazi duenez, Oiartzunera etorri berriak integratzea ezinbestekoa da herriaren kohesiorako eta herriak bere izaera mantentzen jarrai dezan.
Udalak eta herriko zenbait eragilek —Abaraxka ludotekak, El-Watan elkarteak, Elika kooperatibak, 10301 ekimenak…— Harrera Astea antolatu dute. Herriara etorri berriei harrera egiteaz gain, harrera beharrean dauden errealitate batzuk ezagutzeko aukera eskaini nahi zaie herritarrei.
Ekitaldi pila
Harrera Astea berria izanagatik, lehenengo ekitaldia aurretik egin izan dute. Etorri berriei harrera egingo diete, hilaren 14an (larunbata), Euskara eta Gizarte-Ongizate sailek antolatuta. Harrera horien helburu nagusia Oiartzun aurkeztu, dauden zerbitzuak azaldu eta euskarak herrian duen garrantzia transmititzea da. Abaraxka ludotekan izango da saioa, ludotekako kideen laguntzarekin. 17:00etan hasiko da.
Hurrengo ekitaldia hilaren 17an izango da. 24 millas dokumentala emango dute, Maydayterraneo proiektuak egin zuen lehenengo erreskateari buruzkoa. Ekitaldi hori udaletxeko pleno aretoan izango da, 18:00etan hasita.
Hilaren 18an (asteazkena) Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan liburuaren aurkezpena izango da (udaletxeko areto nagusian, 18:00etan). Arzallus bertan izango da liburua aurkezteko. Baldek Gineatik Euskal Herrira heltzeko egin duen bidaia eta izan dituen bizipenak biltzen ditu liburuak.
Bukatzeko, El Watan Sahararen aldeko elkarteak Oporrak bakean programa aurkeztuko du. Gainera, Sahararen gaur egungo egoeraren berri emango dute, hilaren 20an —ostirala— udaletxeko areto nagusian, 19:00etan hasita.
Oporrak bakean programak uda sasoian Tindufeko errefuxiatu guneetan bizi diren haurrak Euskal Herrira ekartzen ditu, basamortuko bero handienetik ateratzeko eta osasun-jarraipena egiteko. Oporrak bakean haurrak hartzeko prest dauden familia boluntarioei esker da egingarria. Udalak ere laguntzen du.