Oiartzungo Antzerkizaleen Elkartearen urteko lehen emanaldiko protagonista Artedrama taldekoak izango dira
Patricia Urrutia eta Ander Lipus aktoreak igoko dira oholtzara.
Oiartzungo Antzerkizaleen Elkarteak urteko lehen saioa programatu dute datorren iganderako. Artedrama antzerki taldea gonbidatu dute,
Hozkailua obra jokatzeko.
Bi aktore igoko dira oholtzara: Patricia Urrutia eta Ander Lipus, Ximun Fuchsek zuzenduta. Maite eta Karlosen paperak jokatzen dituzte. Herririk herri dabiltzan lagun parea dira, hozkailu batekin. Barruan, garagardo eta hesteez gain, Jimmy lagun punkiaren gorpua daramate. Hiltzen zenean bere sorterrian lurperatuko zutela zin egin zioten, baina nongoa zen galdetzea ahaztu zitzaien… Musikak pisu handia du antzezlanean, eta ohiko Sex Pistols eta The Clashez gain, Baldin Badak bere tokia du;
Bizi nahi dut abestia da, zehazki. Hala ere, adiskidetasuna da gai nagusia.
Unai Iturriagak idatzi du antzezlana. Amaia Garaten ardura izan da eszenografia, Battitt Halsouetek egin du panpina, Asier Ituartek musikaren zatia atondu du eta Josep Dahurena da argi diseinua.
Antzezlana 19:00etan hasiko da, udaletxeko pleno aretoan. Ohi bezala, sarrerak bost euroko prezioan egongo dira, egunean bertan.