Udako igerilekuan freskatzeko azken aukera, igandean
Hilaren 13an itxiko dute udako igerilekua. Aurten, egoera berezia dela eta, ez da sasoi bukaerako festarik antolatu.
Udako igerilekua datorren igandean —hilak 13— itxiko dute. Bere funtzioa ongi baino hobeto beteta esango dio agur 2020 denboraldiari: eguraldi iragarpenen arabera, igande eguerdian termometroa 30 graduren bueltan ibiliko baita.
COVID-19a dela eta, aurten ez da itxiera festarik egongo. Ohiko zerbitzuak eskainiko dituzte denboraldiko azkeneko egunean, iraileko ordutegian (11:00etatik 20:00etara).
Igerileku ertzeko lurra, berrituta
Aurtengo denboraldia zoru berriarekin egin behar izan dute. Izan ere, udaberrian bi hilabetez egin zituzten lanak, igerileku ertzeko ingurua berritzeko. “Izan ere”, azaldu du udalak, “igerilekuen arautegi berria osatu zuen Eusko Jaurlaritzak eta udako igerilekua horretara moldatzeko egin ditu lanak udalak”.
Guztira, jakinarazi dutenez, 30.342,95 euroko inbertsioa egin du Oiartzungo Udalak.