Indarkeria bikarioa salatzera deitu du mugimendu feministak, Urbasakoaren harira
Urbasako —zantzu guztien arabera— indarkeria bikario kasua dena salatuko du Oiartzungo Feministen Asanbladak. Ostiralean elkartuko dira, plazan.
Indarkeria bikarioa salatzeko asmoz, Oiartzungo Feministen Asanbladak elkarretaratzea deitu du ostiralerako. Done Eztebe plazan elkartuko dira, 18:30ean.
Izan ere, Urbasan 7 urteko mutiko baten gorpua aurkitu zuten atzo, aitaren ondoan. Ikerketa lanetan dabiltzan iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez, indarkeria bikarioaren hipotesia da indar handiena duela. Alegia, aitak haurra hil duela amari min emateko.
Autopsiaren emaitzek frogatu dute Mateo haurra eta haren aita amilduta hil zirela, erortzean egindako zauriengatik, eta aitak semea besoetan bilduta zuela jausi zirenean.Gurasoak bananduta zeuden, eta aitak ostiralean jaso zuen haurra Lizarrako Ikastolatik. Ama atzo ohartu zen semea falta zela, ikastetxera joan eta ez zegoela ikusi zuenean.Guardia Zibilaren erreskate helikopteroak astelehen arratsaldean aurkitu zituen gorpuak Urbasan, Pilatosen Balkoian, aitaren ibilgailua handik ez oso urruti aurkituta.