Ion Collar: "Herrigintzan urtetako konpromisoa dugun pertsonon elkargunea da gure hautagaitza"
Errenteria Elkarrekin Podemos koalizioak udal hauteskundeetarako osatu duen hautagaitza aurkeztu zuen atzo arratsaldean. Jon Collar Rioseco alkatetzarako hautagaiak, Maite Gartzia Ontiveros zerrendako bigarrenak, Xabier Sanchez Agirregomezkorta laugarrenak, eta Yolanda Martin Marcos bosgarrenak hartu zuten hitza.
Errenteria Elkarrekin Podemos koalizioak udal hauteskundeetarako osatu duen hautagaitza aurkeztu zuen atzo arratsaldean. Jon Collar Rioseco alkatetzarako hautagaiak, Maite Gartzia Ontiveros zerrendako bigarrenak, Xabier Sanchez Agirregomezkorta laugarrenak, eta Yolanda Martin Marcos bosgarrenak hartu zuten hitza Mikelazulo zubiaren parean egin zuten agerraldian.
Errenteria Elkarrekin Podemos koalizioak aurkeztu duen hautagaitza Errenteria-Oreretako elkartegintzan eta herrigintzan urteetako konpromisoa duten pertsonekin osatu dutela nabarmendu zuten laurek: “Azken lau urteetan udal gobernuko kultura, ingurumena eta gizarte zerbitzuen arloetan lan egin eta ardura hartu dugun pertsonon elkargunea da eta herritarrentzat kudeaketa eraginkorra eta baliagarria egin dugu. Etxe kaleratzeen aurka aritu gara, pentsiodunen alde edo pasa den martxoaren 8ko greba feministaren esparruan, gizarte kolektibo ezberdinei denbora eskaintzen eta haiekin lanean”. Auzoak ere aipatu zituen Gartziak, “auzo elkarteetatik gure auzoak hobetzeko lan egiten duen taldea osatzen dugu. Erakundeetan ere hartzen dugu parte, eta gure denbora behar gehiena dutenei eskaini”.
Aurreko osagai guztiak barnebiltzen dituen hautagaitza dela Errenteria Elkarrekin Podemos koalizioarena nabarmendu zuen Collarrek, eta Errenteria bizitzaz betetzera datozela, hori da hain zuzen ere kanpainarako aukeratu duten leloa, Errenteria bizitzaz bete eta maiatzaren 26tik aurrera elkartzen, aurrera egiten eta eraikitzen jarraitu nahi dutela erantsi zuen zerrendaburuak, “herritarrekin batera, jendearekin parte hartzearekin eta bere bermearekin ahal delako. Herritarrei bozka eskatzen diegu, baita desio dugun Errenteria hori eraikitzen parte har dezaten ere”.
Errenteria Elkarrekin Podemos koalizioa Podemos, Ezker Anitza IU, eta Equo Berdeak antolakunde politikoei lotuta dauden pertsonen batuketa baino gehiago dela azaldu zuen, bestalde Sanchezek: “Errenteriaren alde lan egiteko konpromisoa eta borondatea duen jendearen ordezkaritza ere bada hautagaitza hau. Zerrenda osatzen duten emakumeetako bost independente gisa aurkezten dira”.
Eskerrak eman zizkien Martinek Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Elkarrekin Podemosen hautagaitza babestu zuten 5.195 errenteriarrei, gainera, “eskerrik asko Elkarrekin Podemosek ordezkatzen dituen balio sozial eta politikoen alde egindako apustuarengatik eta gugan jarritako konfiantzagatik”. Lortutako emaitzak oso “positibotzat” eman zituen, “PSE-EEk 600 botoko aldea atera digu soilik egoera alde izanda, eta gure emaitza ona da. Udal hauteskundeetan kopuru hauek errepikatuko daitezke eta Elkarrekin Podemosek Errenteriako alkatetza lortzeko aukera errealak izango lituzkeela esan nahiko luke”.
Udal hauteskundeetara aurkezten diren ezkerreko beste indar politikoekin akordiorako eta elkarlanerako atea zabalik utzi zuen gainera, Collarrek, “aurrera jarraitzeko eta herritarron bizitzek hobera egin dezaten biderik onena dela sinistuta gaude-eta”. Pertsonak ardatz bihurtzen dituen herria eraikitzen eta “bizitzaz betetzen” jarraitu nahi dutela erantsi zuen, “zuekin kontatzen dugu gure herriaz harro sentiarazten gaituena sustatzen jarraitzeko elkarrekin, jatorri ezberdinetako bizilagunen arteko bizikidetzaren aldeko apustua egiten, herritarrek behar duten unean gizarte estaldura izango duen herria eraikitzen, eskubideak eta duintasuna berreskuratzen jarraitzen duen Errenteria izateko, bizitzaren atal guztietan libre diren emakumeen Errenteria, hezkuntza publiko eta barneratzailearen aldeko apustua egiten duena, Gipuzkoan erreferente bihurtu gaituen kulturaren alde, eta ingurumenarekin jasangarria den Errenteria egiten jarraitzeko. Horregatik eta horretarako aurkeztuko da Errenterian maiatzaren 26ko hauteskundeetan Elkarrekin Podemos”.
Aipamen berezia egin zion Collarrek Jose Luis Ansorenari. Atzo haren hil kapera jarri zuten udaleko pleno aretoan. Ansorenaren senide eta lagunei besarkada handia helarazi zien Elkarrekin Podemos koalizioko zerrendaburuak: “Ansorenak egindako lan handia aitortu nahi dugu eta balioan jarri”.
Honakoa da Elkarrekin Podemos koalizioak aurkeztu duen hautagai zerrenda:
- Jon Collar Rioseco
- Maite Gartzia Ontiveros
- Jose Manuel Ferradas Freijo
- Xabier Sanchez Agirregomezkorta
- Yolanda Martin Marcos
- Josean Sanchez Gonzalez
- Maria Isabel Corral Urbano
- Javier Buselo Ortega
- Nagore Basurto Escamilla
- Natalia Olivera Bueno (independentea)
- Jose Luis Gallego Romero
- Irati Aizpurua Berradre
- Jacinto Giraldes Pravos
- Ana Maria Bueno Ruiz
- Cristina Garceo Odriozola (independentea)
- Laura Selgas Sendra (independentea)
- Antonio Menendez Hermoso
- Encarni Gereño Quintana
- Miguel Maria Rodriguez Barbero
- Patxi Astibia Arana
- Jose Cruz Legorburu Ayestaran
- Lourdes Morales Garcia (independentea)
- Fermin Garcia Arroyo