Gaur hasiko dira Trintxerpeko inauteriak. Trintxerpeko Korkoiburuek egitarauari ekarpen handia egin diote. Euren jai eredu herrikoia defendatu dute, jakinda, barrutiko inauterien izaera anitza dela.
Hona, hitzez hitz, Korkoiburuen ekarpena:
Desfilea bai, jai giro herrikoia ere bai!
Iritsi dira 2018ko Trintxerpeko inauteriak, eta Trintxerpeko Korkoiburuok, bigarren urtez, ekintza bereziak antolatu ditugu herriarekin eta herriarentzat.
Esan dezakegu, Trintxerpeko inauterietako desfilea badela udalerri honek daukan gauza aberasgarrienetako bat, baina hori ez da gure ustez inauteriek daukaten alderdi on bakarra. Herrian jende asko mugitzen da, trintxerpetarrok sortutako karrozak ikusten dira kaletik, kuadrillak mozorrotzen dira… Hori da guretzako benetan Inauteriek daukaten xarma, eta ondorioz, aurtengo egitaraua hori indartzeko asmoz bideratu dugu.
Guretzat inauterien prestaketa azaroan hasi zen, orduan hasi baikinen gaia zein izango ote zen erabakitzen: parte hartze prozesu txiki bat abiatu genuen eta herritarroi hilabete bateko epea eman genien guk proposatutako hiru gairen artean gustukoena zutena bozkatzeko. Hiruetatik bozkatuena Itsasoa izan zen, eta ondorioz, herriak hala erabakita, 2018 inauterietako gai gisa dugu orain.
Gure helburuen artean kuadrillen arteko harremanak sendotzea dago eta ondorioz, aurtengo inauterietan denon artean jarri dugun gaiarekin zerikusia duten mozorroak ikustea gustatuko litzaiguke, Trintxerpe itsasoa balitz jantzi nahi dugu asteburu batez!
Jai batzordearekin batera prestatu dugun egitarauaz aparte, baditugu ere gure kabuz prestatutako beste bi ekintza. Alde batetik, larunbatean karro-poteo musikatu bat prestatu dugu Azkueneko tabernak alaitzeko. 12:00tan elkartuko gara Azkueneko parkean, eta gure helburua adin eta mota guztietako kuadrillak elkartzea da, itsasoareakin zerikusia duten kantekin alaiturik poteo polit bat egiteko.
Bestetik, larunbat gauean, 00:00ak aldera, Eonian Elektrotxaranga izango dugu Serafin Esnaola plazan, gauean ere kuadrillen arteko giroa aparta izaten da eta! Azken hau antolatzeko, Erdibana, Trintxer, Aldapa, O’Fardel, Avenida eta Manuela tabernen ezinbesteko laguntza izan dugu.
Amaitzeko, igande arratsaldean Bakailaoaren Ehorzketa antolatuko dugu bigarrenez. Aurtengoan bakailaoarekin batera desfilatzen duten mozorroak berritu ditugu. Beti erabili izan direnak jubilatzeak pena handia eman digu, ez da erraza izan alboratzea, baina ez zeuden erabiltzeko moduan.
Ohar honen bitartez, adin guztietako trintxerpetarrak animatu nahi ditugu gurekin eta Korkoibururekin batera inauteriak agurtzera; horretarako, arropa ilunak jantzi eta kandela bat eskuan dakartelarik.
Eta garrantzitsuena… Inauteri zoriontsuak pasa, besteenganako errespetua galdu gabe. Korkoiburuok ez dugu inolako erasorik onartuko!
Iraitz Pazos, Trintxerpeko Korkoiburuen izenean.