Jaioberriak oraindik ezin dira euskaraz erregistratu, guraso talde batek salatu duenez
Argazkian ageri diren pertsonak laster aita-amak izango dira, eta aurretik eta idatziz jakinarazi dute Oiartzungo Bake Epaitegian haurra noiz jaioko den eta euskaraz erregistratu nahi dutela. Erregistratzea haurra jaiotakoan gurasoek egin beharreko lehenengo tramite administratiboa da eta ezinbestekoa da haurra erroldatzeko, Gizarte Segurantzan alta emateko eta osasun txartela eta gainerako agiriak eskuratzeko. Oiartzunen, erregistroa liburu batean egiten da, eta, liburua gaztelaniaz bakarrik dagoenez, gaztelaniaz erregistratzen dira herriko jaioberriak. Herri batzuetan aplikazio informatiko batean egiten da erregistroa, eta horrek aukera ematen du erregistroa euskaraz egiteko. Toki horietan posible dena Oiartzunen ere egin dezatela eskatu dute agerraldian. Halaber, salatu dute haurrak laster jaiotzekoak badira ere ez dutela erantzunik jaso, eta, irtenbiderik eman ezean, beren borondatearen aurka haurrak gaztelaniaz erregistratu beharko dituztela, nahiz eta lege babesa eduki. Jabi Elizasu Oiartzungo Udaleko zinegotziak Udalaren babesa eman die eskaera egin dutenei. Udalak UEMAren mozioa onartu zuen abenduaren 1ean, eta, bertan, dagokien arduradunei eskatu zien ahalik eta lasterren jaiotza erregistroa, ezkontza erregistroa eta heriotza erregistroa euskaraz egiteko neurriak har zitzaten eta horiek euskaraz egiteko bideak jar ditzaten. Mozioaren berri herriko bake epaitegiari eta Eusko Jaurlaritzari eman zien Udalak, eta ez du erantzunik jaso. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere babesa adierazi die eskaera egin dutenei, eta nabarmendu du [...]
Argazkian ageri diren pertsonak laster aita-amak izango dira, eta aurretik eta idatziz jakinarazi dute Oiartzungo Bake Epaitegian haurra noiz jaioko den eta euskaraz erregistratu nahi dutela.
Erregistratzea haurra jaiotakoan gurasoek egin beharreko lehenengo tramite administratiboa da eta ezinbestekoa da haurra erroldatzeko, Gizarte Segurantzan alta emateko eta osasun txartela eta gainerako agiriak eskuratzeko. Oiartzunen, erregistroa liburu batean egiten da, eta, liburua gaztelaniaz bakarrik dagoenez, gaztelaniaz erregistratzen dira herriko jaioberriak. Herri batzuetan aplikazio informatiko batean egiten da erregistroa, eta horrek aukera ematen du erregistroa euskaraz egiteko.
Toki horietan posible dena Oiartzunen ere egin dezatela eskatu dute agerraldian. Halaber, salatu dute haurrak laster jaiotzekoak badira ere ez dutela erantzunik jaso, eta, irtenbiderik eman ezean, beren borondatearen aurka haurrak gaztelaniaz erregistratu beharko dituztela, nahiz eta lege babesa eduki.
Jabi Elizasu Oiartzungo Udaleko zinegotziak Udalaren babesa eman die eskaera egin dutenei. Udalak UEMAren mozioa onartu zuen abenduaren 1ean, eta, bertan, dagokien arduradunei eskatu zien ahalik eta lasterren jaiotza erregistroa, ezkontza erregistroa eta heriotza erregistroa euskaraz egiteko neurriak har zitzaten eta horiek euskaraz egiteko bideak jar ditzaten. Mozioaren berri herriko bake epaitegiari eta Eusko Jaurlaritzari eman zien Udalak, eta ez du erantzunik jaso.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak ere babesa adierazi die eskaera egin dutenei, eta nabarmendu du oso larria dela euskara hizkuntza ofiziala den toki batean jaio eta berehala euskara erabiltzeko neurririk hartu ez izana. UEMAtik gaineratu dute erakunde publikoen utzikeriaren aurrean herritarrak aktibatzea ezinbestekoa izango dela, eta herritarrek Udalaren, mankomunitatearen eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren babesa eta aholkularitza izango dutela.
Agerraldian jakinarazi dute eskaera egitea oso erraza dela: www.uema.org webgunean idatzi-ereduak eta jarraibideak daude. Honetaz gain, eskaera egin nahi dutenek UEMAko zein udaletako euskara zerbitzuetara ere jo dezakete, informazioa eta laguntza eskuratzeko. Oiartzunen kasuan: Euskara zerbitzua, Manuel Lekuona Bibliotekako ganbara edo 943 49 38 42 telefono zenbakia, edo Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Altzibarko eskola zaharra edo 943 26 03 72 telefono zenbakia.
Irtenbidea atzeratzen
2005ean, bake epaitegietako eta erregistro zibiletako legearen 23. artikulua aldatu zen euskaraz, katalanez eta galizieraz ere haurrak erregistratu ahal izateko.
Legezko babesa izan arren, euskarazko libururik ez da inoiz argitaratu. Beraz, praktikan, gaztelaniazko liburua zen erregistroa egiteko aukera bakarra bai Oiartzunen, bai gainerako herrietan.
Euskarazko libururik ez zegoenez, erregistroa euskaraz egin ahal izateko bide bakarra Inforeg izeneko aplikazioaren eskutik etorri da. Aplikazio informatiko hori ezarri duten tokietan badago erregistroa euskaraz egitea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, gaur egun, hamalau herritan dago ezarrita. Nafarroako zonalde euskalduneko herrietan ere ezarrita dago.
Herritarrek bideratutako kexen aurrean, Patxi Lopez EAEko lehendakariak honako hau adierazi zuen 2010eko irailaren 23an Eusko Legebiltzarrean: «Gaur arte etenik gabe kexak eragin dituen arazo bat konpondu egin dugu: gaurtik aurrera epaitegi guztietan egin ahal izango dira euskaraz jaiotza, ezkontza eta heriotza erregistroak».
Patxi Lopezek hori esan eta bi egunetara, Eusko Jaurlaritzak prentsaren bidez jakinarazi zuen arazoa ez zegoela konponduta, baina urte bukaerarako konponduta egongo zela. Aplikazio informatikoa ezartzeko bi fase aurreikusten zituzten.
Lehenengo fasean, esperientzia pilotuak jarri behar zituzten abian, eta sei udalerrik hartu behar zuten parte. Bigarren fasean, gainerako udalerriak sartzekoak ziren, eta aurreratu zuten 2010eko bukaerarako bukatuta egongo zela eta herri guztietan egin ahalko zirela euskarazko erregistroak.
Gerora, Jaurlaritzak beste atzerapen bat iragarri zuen: lanak 2010eko bukaeran ziren hastekoak eta 2011ko lehen hiruhilekoan bukatzekoak. Horretarako, Jaurlaritzaren Justizia eta Herri Administrazioko Sailak eta red.es-ek hitzarmena sinatu zuten. Hitzarmenak 1,2 miloi euroko inbertsioa dauka eta helburua da Inforeg informatika aplikazioan erregistroko inskripzioak euskaraz egitea, baina bistan da epea berriro atzeratu egin beharko dutela.
Oiartzungo egoera
Abenduan, Jaurlaritzak udal batzuetara gutun bat bidali zuen, Inforeg ezartzeko baldintza tekniko batzuk bete behar zirela adierazteko. Oiartzungo Udalean ez zen gutun hori jaso.
Nolanahi ere, Udalak gutun horren berri izan du UEMAren bidez, batetik, eta epaitegiko langileen bidez bestetik. Udalak proposamen bat egin dio bake epaitegiari, baldintza teknikoak betetzeko eta Inforeg ezarri ahal izateko. Udaletik proposatutako bidea gauzatuz gero, oso epe laburrean martxan jartzeko baldintza teknikoak beteta izango dira.
Hala ere, baldintza guztiak betez gero ere, inork ez du ziurtatu aplikazioa berehala erabili ahal izango denik eta eskaera egin duten guraso hauen haurrak euskaraz erregistratu ahal izango direnik. Inforeg zabaltzeko plangintza egiteke du Eusko Jaurlaritzak eta ez dakite plan horretan Oiartzun zein fasetan sartuko litzatekeen. Hala ere, gurasoen eskakizunak izan du eraginik, azken astean Inforeg martxan jarri behar duten Jaurlaritzako arduradunek interes handia erakutsi baitute Oiartzunen aplikazioa martxan jarri ahal izateko.
Udalak jakinarazi du bere esku dagoen guztia ari dela egiten herritarrek haurrak euskaraz erregistratzeko aukera izan dezaten.