Jaizkibelgo bigarren dorrea zaharberritzen hasi dira
Lanek sei hilabeteko iraupena izango dute. Oinezkoen bidea zabalik mantenduko dute, baina eragozpenen bat izan daitekeela ohartarazi du udalak.
Lezoko Udalak iragarri du Jaizkibelgo bigarren dorrea berritzeko lanak hasi direla, maiatzaren 28an zehazki. Sei hilabetean egingo dituzte zaharberritze lan horiek, eta obrek iraun bitartean oinezkoentzako bidea zabalik mantenduko bada ere, Lezoko Udalak jakinarazi du eragozpenak izan daitezkeela inguru horretan, eta kaltetuei barkamena eskatu die aldez aurretik.
Obrak Harri Construcciones y Mamposteria SL enpresak egingo ditu, 251.242,32 euroko aurrekontuarekin. Lanak finantzatzeko Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren laguntza jaso du udalak, 173.823 eurokoa.