Jokin Mitxelenak ate irekien eguna egingo du Hendaiako egonaldi artistikoan
Larunbat arratsaldean irekiko ditu Nekatoenea baserriko ateak, bertan egiten ari baita egonaldi artistikoa. Pasiotxo bat emango dute ingurutik.
Euskal Kultur Erakundeak eta Euskal Idazleen Elkarteak idazleentzako egonaldia antolatu dute, bederatzigarren aldiz, Hendaiako Nekatoenea baserrian. Jokin Mitxelena ilustraziogile oiartzuarrak lortu zuen bertan egonaldia egoteko txartela.
Datorren larunbatean ate irekien jardunaldia egingo duela jakinarazi du Mitxelenak. 17:00etan geratu dira Nekatoenean bertan (Abbadie gazteluaren ondoan dago), eta pasiotxo bat egingo dute inguruetatik. Oinetako egokiak eramateko eskatu du Mitxelenak.
Lau asteko egonaldia egiten ari da oiartzuarra, eta pintzela idazmakinarengatik aldatuko du oraingo honetan. Hendaian prestatzen ari den lanak honako argudioa dauka: Puka izeneko txakurrari buruzko abenturak idatziko ditu. Pasai Donibanetik ihes egingo du txakurrak, eta Hendaiara bitarteko bidean bizitako abenturak idatziko ditu. Etziko ibilaldia Puka txakurrak egiten duenaren antzekoa izan daiteke…