Abuztuaren 15ean askatasunaren Eguna ospatu genuela aipatzerakoan honelakoak jaso ditut ingurukoengandik: gauzak dauden bezala ba al dugu ba askatasuna ospatzerik? Abuztuaren 15a ez al da ba Ama Birjinaren eguna?
Santu eta Ama Birjinen egunekin poztu egin naiz beti, besterik gabe, egutegian zenbaki gorriak direlako. Fededuna izan gabe ere traba handirik ez dit egin jaiaren arrazoiak. Gorriz markatutako beste egun batzuk, berriz, ez ditut berdin bizi izan. Hauek menperatzen gaituzten bi estatuen jaiak direlako, eta gure herriarentzako mingarriak diren heinean, niretzat ere horrelakoxeak direlako.
Egun, lan handia egiten ari dira hainbat historialari gure historiaren ikerketan, eta guztiok saiatu beharko genuke zabaltzen, are gehiago, hezkuntza sistemak bete beharko lukeen eta betetzen ez duen hutsunea ikusirik.
Bada garaia gure historian garrantzitsuak izan diren datak egutegian gorriz markatzeko, eta nola ez, ospatzeko. Orreagan 778ko abuztuaren 15ean gertatutakoa da horietako bat, eta, beste urte batez, Pasai Donibanen aldarrikatu egin genuen.
Jone Elizalde Lujanbio. Pasaia.
Abuztuaren 15eko irudia da honakoa, Jone Elizalde Lujanbiok iritziarekin batera bidalitakoa.