Jose Manuel Ferradas: "Epaiaren aplikazio eta kudeaketa inteligente bat egin behar dute"
Jose Manuel Ferradas Ezker Anitzako kideak modu positiboan baloratu du Estrasburgoko auzitegiak 197/2006 doktrinaren gainean emandako epaia. Epaia “makilakada” bat izan dela iritzi dio, “ia aho batekoa” izan dela kontuan hartuta: “Epaiak baieztatu du Parot doktrina helburu politiko baten arabera aplikatua izan dela, eta argi eta garbi giza eskubideak urratzen dituela”.
Orain, berriz, Espainiako Gobernuak “epaiaren aplikazio eta kudeaketa inteligente bat” egin behar duela uste du: “Estatuak ez du ingeniaritza juridikoen amarruetan erori behar, Barne Ministroak aurreratu zuen bezala doktrinarenpean dauden pertsonen irteera atzeratzeko. Aukera baliatu behar dute beste espetxe politika bat martxan jartzeko, eta urrats berriak egiteko”. Era berean, epaiaren kudeaketa inteligentea egiterakoan, ETAk ere “pauso berriak” eman beharko lituzkeela gaineratu du, “alegia, behin betiko disoluzioa”.