Joxe Juan Ugalde: "Asko dago esateko"
Hamaika ikusteko jaioak omen gara. Dena dela, oraindik denak ikusi ez ditugulakoan nago. Txirritak ez luke a basto emango bizitzen ari garen pasarte honen kontakizunean. Albisteak, banaka baino, borborrean datozkigula dirudi; zein baino zein txundigarriago. Ziur naiz Txirritak paperik gabeko bertsoak jarriko zizkiokeela Aita Santuaren errenuntzia, kargu uzte, dimisio, ihesaldi edo dena delakoari. Historiarako geratu da Vatikanoko San Pedro basilikako kupula aurretik Aita Santua mundu honetatik erbeste espiritualera zeraman helikopteroari eginiko argazkia. Zer ikusi ote zuen gizonak hiru kardinalek Vatileaks aferaz egindako ikerketako dosierrean! Nola ote daude, benetan, Vatikanoko barrunbe sakratuak! Auskalo!
Benedikto XVI.aren aldegite horrek zur eta lur utzi ditu bere jarraitzaileak, ez direnak eta, baita kontrarioak ere. Erreakzioak ere denetarikoak izan dira. Bere garaian Barricada rock taldeko El Drogas-ek edota Sinnead O’Connor musikariak apurtu zituzten Aita Santuaren argazkiak jendaurrean. Orain, berriz, Italia eta Frantzia arteko mugan dagoen Castelvittorio herriko apaiza izan da, Andrea Maggio, Aita Santuaren argazkia, mezetan, eliztarren aurrean, erre duena. Artaldea utzi izanagatik erre omen du argazkia.
Gertatzen ari direnak ikusita, akaso, azken urteotan horrenbesteko abiada hartu duen gizarte hau pipiak jota dagoela esango zukeen Txirritak bertsoren batean. Eta… ateraldi barregarriren bat ere izango zukeen, besteak beste, Nóos/ Urdangarin aferak, Corinna printzesa alemaniarraren eskutik, Espainiako koroa bera zipriztindu duela ikusi izan balu. Bertso paregabeak botako zituzkeen gaitzat Corinna-Koroa uztarria aurrean jarrita; are paregabeagoak, Botswanako elefanteak tartean jarri izan balizkiote. Eta biko uztarria baino, hirukoa jarri izan baliote, Bankia-Bárcenas-Barcina kasu, algara bermaturik zegokeen. Utz dezagun, ordea, betirako bakean 1860an Hernaniko Ereñozu auzoan jaio eta 1936an Altzan hildako bertsolari handia.
Bertsoaren hariari tiraka, «este es un país saqueado» zioen berriki, elkarrizketa batean, aktore espainiar batek. Eta gisako salaketa eraman zuen zine sektoreko jendeak Goya sariak banatzeko ekitaldira. Norbaitek altxa behar zuen ahotsa!
Ustelkeria eta lapurreta giro global honetan, dena erortzen ari den sentsazioa zabaltzen ari da. Egia ere bada hori. Langabeziaren azken datuek diote (Espainiako Enplegu Ministerioaren arabera) otsailean 3.652 langabe gehiago izan dela Hego Euskal Herrian: 2.725 EAEn; 927 Nafarroan. Guztira 234.530 langabe: 178.006 EAEn; 56.524 Nafarroan. Eta beste datu bat: ehun mila familia baino gehiago dira inolako diru-iturririk ez dutenak.
Jar dezagun marko horretan Confebask patronalak esan duena, euskal industria-sarea hiltzen ari dela; azken hilabete/urteetan milaka langile erori dela lan erregulazioen sarean; bakanak zirenak, dozenaka direla orain, hipotekari edo hileko errentari aurre egin ezinda etxea galtzen ari direnak, orain arte gizarte-ekintzari horrenbesteko balioa ematen zioten euskal kutxen bultzadaz; gero eta gehiago direla Caritasera laguntza bila joaten diren herritarrak… Panorama benetan da etsigarria. Eta, gainera, 2013a urterik gogorrena izango dela ohartarazi digute agintariek. Hau dek abelerea esango zukeen gure amona ataundarrak.
Gehiago ere bada, ordea. Murrizketen justifikazio halabeharrezkoaren izenean, anbulatorio, ospitale eta bestelako osasun zerbitzuetako arreta kaskartuko ote den… edota hezkuntzaren moduko marra gorriak gaindituko ote diren sozializatzen ari zaizkigu; jakina, arlo publikoan lortutako 35 orduko lanaldiaren garaipen historikoak eta bestelako batzuk galdutzat emanda.
Ez pentsa hizki tiroketa negatibo hau propio zure pertzepzio zuzena gaiztotzeko egin dudanik. Horiek guztiak esanda, utz iezadazu, Txirritaren modura, hitzak, esaldiak eta ideiak errealitatearen eta etorkizunaren zerbitzura jartzen dituen pertsona bat aurkezten. Miren Etxezarreta da, 1936an Ordizian jaiotakoa, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Ekonomia Aplikatuko Katedradun Emeritu eta globalizazioaren kontrako mugimenduen erreferentzia nagusietakoa.
Berak esandakoak dira: “Kapitalismoari merkatuak amaitzen ari zaizkio; kapitalismoa ez da soilik dominazio ekonomikoa, dominazio ideologikoa ere bada; ez dago betiko sistemarik, kapitalismoa ere noizbait eroriko da…”. Ez galdu Miren Etxezarretaren arrastoa. Une etsigarrietan oxigenoa sudurretara ekarri beharra dago. Sartu bere izena izena Googlen eta hasi ametsetan nabigatzen. Iritsiko da!