Lierni Lekuona: "Berriz ere disfrutatu nahi dut"
Ziklokros denboraldia bukatu berritan, atseden hartzen ari da lezoarra. Bost urteren ondoren errepidea utzi du, eta mendiko bizikletara bueltatuko da
Ziklokros denboraldia bukatu berritan, atseden hartzen ari da Lierni Lekuona txirrindulari lezoarra. Bost urteren ondoren errepidea utzi du, eta mendiko bizikletara bueltatuko da.
Ziklokros denboraldia bukatu berri duzu. Hasierako lasterketak irabazi zenituen, eta gero emaitzak ez dira hain onak izan. Zein da zure balantzea?
Oso indartsu hasi nintzen, bai. Gogo handia neukan ziklokros bat ongi prestatzeko, beti, errepidea bukatu ondoren, erdi-presaka ibiltzen baitzara prestatzeko. Aurten ongi prestatu nahi nuen; indartsu hasi nintzen, baina gero beheraka joaten hasi nintzen. Oso luzea egin zait denboraldia. Horrelako gauzekin ikasten da, ez dut gauza negatibo bezala hartzen. Hasieran ongi ibili nintzela ikusi nuen. Beraz, hurrengo urte batean izango da!
Errepidetik ziklokroserako jauzi horretan, agian, inertziak eramaten zaitu, baina gero luze egin daiteke. Prestaketa espezifikoa hobea da…
Hori da. Aurten hasi naiz hori prestatzen, kontzentratuta, baina ez dut asmatu edo ez dut gehiegi entrenatu. Hobe esanda, ez dut asmatu [barreak].
Eta orain, zer?
Luze egin zaidanez, atseden hartu nahi dut. Berez, datorren asteburu honetan dira Espainiako txapelketak, baina ez naiz joango. Galizian jokatuko dira, eta urruti dago. Gainera, erdi-nekatuta nabil, eta erabaki dut ez joatea. Bi asteko atsedenaldia hartuko dut, fisikoki zein psikologikoki deskantsatzeko. Gogoa daukat etapa berria hasteko.
Mendi bizikletaren etapa berria. Noiz hasiko duzu?
Martxo hasieran. Lasterketa batzuk begiz jo ditut, baina dena berria izango da niretzat, eta ikusi beharko da. Probatu nahi ditut bai olinpikoak —karrera motzak dira, ordu eta erdikoak—, baita etapetako itzuliak ere. Lau egunekoak izan ohi dira, eta probak hiruzpalau ordukoak. Denetik probatu nahi dut ikusteko zer gustatzen zaidan. Maratoiko proba politak ere egoten dira. Egun bakarrekoak dira, baina 90-100 kilometro dituzte. Gainera, aurten proba asko UCIren egutegian sartu dira, eta horietakoren bat probatu nahiko nuke. Gehienak Katalunia inguruan dira. Hori bai, urte bukaerakoa Lizarra inguruan izaten da, eta hurbil dagoenez, probatuko dut.
«Gazte Mailara arte aritu nintzen mendian; asko galdu dut teknikoki»
Junior Mailara arte ibili zinen mendiko bizikletan, baina nahiko ezberdina izango da, ezta?
Gazte Mailara arte lehiatu nintzen mendikoan. Asko galdu dut teknikoki, eta berriro hartu beharko dut. Hala ere, ez da gauza bera zerotik hastea edo oinarri bat izatea.
Non entrenatuko zara?
Zorte handia daukagu hemen: hor daude Bianditz, Aiako Harria, Artikutza eta inguru hori, nahiz eta dena gora eta behera izan.
Egutegia finkatu duzu?
Euskadiko Opena eta Caja Rural Kopa egin nahi ditut. Olinpikoak dira biak. Itzuliei dagokionez, Rioja Bike Race egin nahi dut, eta gustatuko litzaidake beste bat egitea. Baina hori erabakiko dut, diruaren eta emaitzen arabera. Maratoiko proba politak ere egoten dira.
Atseden hartzen ari zara, baina mendian entrenatzeko aukera izan al duzu?
Bai. Azkenean, gauza ezberdinak egitea gustatzen zait. Errepidean aritzen nintzenean, egunen bat joaten nintzen mendira, deskonektatzera.
Bost urte eman dituzu errepideko txirrindularitzan, Bizkaia-Durangon. Zein da balorazioa?
Ikusi dut zenbat lan egin behar den helburu batera iristeko. Bost urte progresibo izan dira: ikasten joan naiz entrenamenduak zer diren, arlo pertsonalean ere sakontzeko balio izan dit esperientzia horrek… Bizitza zer den ikasi dut. Gogorra izan da, talde batekin duzun konpromisoa bete behar duzulako. Eskatzen dizute gauza bat, eta hori bete behar duzu. Azkenean, ez dago hain baloratua, ez taldean ez munduan. Egiten duzun lana, bai etxekoa bai taldekoa, ez da saritzen. Askotan gehiago izaten da kontrakoa. Erreta bukatu dut mundu horrekin, eta beti bueltatu nahi izan dut gaztetan egiten nuenera. Momentua zela uste dut, ilusioa galtzen ari bainintzen. Berriro disfrutatu nahi dudalako aldatu naiz mountain bikera.
Apirilean 24 urte beteko dituzu, eta bost denboraldi pasa dituzu profesionaletan. Ez da gutxi!
Bizkaia-Durangon bost urtez profesional moduan ibilita —ez garela inor profesionalak, bestalde—, eta hainbeste esperientzia bizita… Urte asko pasatu dira, baina pentsatzen hasten zara eta zure buruari esaten diozu ‘23 urte bakarrik ditut, bizitza osoa dut aurretik’. Oraindik badaude gauza asko probatzeko.
Babeslerik aurkitu al duzu aro berriari ekiteko?
Bizkaia-Durango utzita, Orbeakoekin harremana izaten jarraitzen nuen, ziklokrosean beraiekin ibili bainintzen. Enbaxadore lanak egin nituen, eta kristoren aukera izan zen toki batetik atera eta beste batera joatea. Oso eskertuta nago, bizikletak eta beste materialak uzten dizkidatelako. Oso ongi tratatzen naute.
Etxeondo arropa markarekin harremana egin nuen, eta ziklokros denboraldian haiek eman dizkidate kirola egiteko behar nituenak. Ea jarraitzen dugun bi hauekin lanean. Espero dugu baietz.
Hori bai, bidaia gehienak Katalunia, Andorra eta abarrera dira. Gainera, lau eguneko lasterketak dira asko, eta horietan izena emateak 200 euro inguruko prezioa du. Diru asko da denera. Beste txip da.
«[Babesle bila] ateak jotzen ari naiz, eta prozesua luzea
izango da»
Gogortu egingo al zaitu pertsona moduan?
Egutegia egin nahi dut, baina lan bat dago atzetik. Entrenamenduak daude, noski, baina beste lan bat ere badago.
Eta nola daramazu?
Ikasten, eta nola egiten den begiratzen. Ateak jotzen ari naiz, eta prozesua luzea izango da. Baina beno, oraindik gaztea naiz.
Ez duzu talderik, baina laguntza logistikorik izango duzu?
Mountain biken, lasterketa luzeetan ez hainbeste, baina motzetan box bat dago, eta askotan pasatzen zara hortik. Beti norbait egoten da, edo bestela gurpil bat uzten duzu zulatzen baldin bada. Baina bai, norbait egoten da beti. Mundu txikia denez, familia giro handiagoa dago. Denok ezagutzen dugu elkar, eta batak besteari laguntzen dio. Badauka bere alde ona. Orain entrenatzaile batekin hasiko naiz, eta ilusioa daukat. Ea ongi ateratzen den.