Merino auzitegietara eramatea aztertzen ari da ezker abertzalea
Merino auzitegietara eramatea aztertzen ari da ezker abertzalea
Joan den larunbateko udalbatzarrean Juan Carlos Merinok “beste behin izandako jarrra agintzailea” dela eta, jarduneko alkatea auzitegietara eramatea aztertzen ari dela aurreratu du ezker abertzaleak gaur goizean egindako agerraldian.
Azken udalbatzarra atea itxita egiteko agindu zuen jarduneko alkateak, nahiz eta zinegotzi gehienek ezker abertzaleko seiak, Ezker Batuko biak, eta Hamaikabateko eta EAJko banak jendearen aurrean egitearen alde bozkatu zuten: “Merinok udalbatzarreko gehiengoaren erabakiari muzin egin zion eta baita xantaia ere, aretoa hustutzen ez bazen udalbatzarra bertan behera utziko zuela esan baitzuen” salatu du Angulok.
Ezker abertzaleko zinegotziek ez ohiko udalbatzarra izanik ere irekiak izaten direla azaldu dute “atea itxita egiteko udalbatzarraren gehiengo osoa da beharrezkoa, gure udalaren kasuan, hamaika zinegotzien botoa behar da” gehitu du Angulok.
Hartutako erabakiarekin Merinok legea urratu duela salatu dute Murak eta Angulok “eta horregatik, aholkulari juridikoekin hitz egiten ari gara lege urratze honi auzitegian behar bezala erantzuteko” gaineratu dute.
Begirunea galdu
Auzitegien bidea zabalduko dutela aurreratzearekin batera, jarduneko alkateak zinegotziei zor dien begirunea galdu duela salatu dute gaurko agerraldian ezker abertzaleko zinegotziek eta herritarrek “bere udalean gertatzen dena ezagutzeko eskubidea” aldarrikatu dute. Amaitzeko,“Juan Carlos Merinok larunbateko ez ohiko udalbatzarretik kanporatu zituen herritarrei, beste talde politikoei, langileen batzordeko kideei zein komunikabideetako langileei jasan zuten eskubide urratzea auzitegian salatzeko” deia luzatu die ezker abertzaleak.