Xebas Gelbentzuren herrigintza ekarpena landu du Otegik, eta Azkaratek, Rita izeba-amonaren gerrako bizipenak.
Bi sarituak, alkatearekin, Mariasun landarekin eta Xebas Gelbentzurekin
Iñaki Otegi Gelbentzuk eta Miren Azkarate Badiolak irabazi dituzte VI. Mariasun Landa Sariak. Errenteriako Berdintasun Arloak eta Berdintasunerako Kontseiluak deitzen dituzte, eta gizartearen arlo ezberdinetan emakumeek udalerriari egindako ekarpenaren berri ematen duten idazlanak sustatu, aitortu eta saritzea dute helburu, baita herri kronika osatzen laguntzea ere.
Gaur egin da sari banaketa Xenpelar Etxean, eta bertan izan dira, besteak beste, Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Mariasun Landa, sariei izena ematen dien idazlea. Oihane Yustos kazetariak egin ditu aurkezpen lanak eta Sorkunek hainbat abesti kantatu ditu ekitaldian zehar, hirukote formatuko taldean.
2016ko Emakumezkoen Begirada Lanik Onenaren Saria, Miren Azkarate Badiolari eman dio epaimahaiak,
Zu zarelako gara gu lanean izeba-amona Rita Azkarateren bizipenak jasotzeagatik. Sarituaren lore sorta 94 urteko izeba-amonari eman eta gero, Azkaratek eskerrak eman dizkio epaimahaiari, eta antolatzaileentzat hitz politak izan ditu, “emakumeak ikustarazteko ahaleginagatik”.
Izeba-amonaren bizitza kontatzerakoan, 1936ko Gerrako bizipen latzak jaso ditu Azkaratek: “Gerraren kontakizuna irabazleak egiten du beti, eta beti gizonezkoak egiten du” adierazi du saria jasotzerakoan. Horregatik “bi aldiz zapaldua izan den emakumearen” testigantza jaso nahi izan duela aitortu eta Mariasun Landa sariek herri kronika biltzeko duten balioa nabarmendu du errenteriar gazteak: “Guri tokatzen zaigu gure arbasoen testigantzak ahanzturan ez gelditzeko lan egitea”.
Herrigintzari aitorpena
Emakumezkoei Begiradarik Onena Saria gizonezko batek irabazi du aurten, Iñaki Otegi Gelbentzuk,
Xebas Gelbentzu, auzo baten nortasuna eraikitzen idazlanagatik. Oiartzuarra jaiotzez, Iztietara ezkondu zen Gelbentzu, eta auzoaren mende erdiko bilakaeran izandako ekarpena aitortu dio Otegiren testuak. Gaurko ekitaldian, Gelbentzuk herrigintzan egindako lana goraipatu du egileak eta berari eskaini dio saria. Gelbentzuk “harrituta” hartu du hitza: “horrelakorik bai ez nuela nik inoiz esperoko” esan du, baina onartu du “gauza asko antolatzen lagundu” izan duela.
Berdintasun Kontseiluaren arabera, Azkarateren lanak ate berri bat ireki du, 36ko gerran herriko emakumeek bizi izan zutena jasotzeko aukera. Hori horrela, Rufina Mikelarenaren bizitzari buruzko lan batek epaimahaiaren aipamen berezia jaso du, garai berean kokatutako lanak. Eta beste aipamen berezi bat ere izan da VI. Mariasun Landa literatur sarietan, Araceli Lopez Arevalori buruzko
Un alma castellana idazlanarentzat.
2016ko bi lan sarituak Oarso aldizkariaren hurrengo alean argitaratuko ditu udalak.