Azken asteak osasunez makal egin ondoren, gaur hil da Hondarribiako etxean (Gipuzkoa), familiakoak alboan zituela. Donostiako erietxean ospitaleratuta egon da hainbat egun. Azken urteetan gurpildun aulkia izan du bidelagun.
90 urte zeuzkan, eta osasunez makal ibili da azken denboran. Euskal Arte Eskoletako kide, gerra osteko euskal artearen suspertzaile eta erreferente nagusietakoa izan da. Zinemagintza garaikidean, margolaritzan, eskulturan eta kartelgintzan ere utzi du aztarna. Familiak ez du beilategirik jarriko, baina azken agur ekitaldia etzi egingo diote, 20:00etan, Donostian, Zorroaga eliza zen eraikinean.
Azken asteak osasunez makal egin ondoren, gaur hil da Hondarribiako etxean (Gipuzkoa), familiakoak alboan zituela. Donostiako erietxean ospitaleratuta egon da hainbat egun. Azken urteetan gurpildun aulkia izan du bidelagun.
Familiak iragarri du ez duela beilategirik jarriko, etxean izango dutela gorpua. Baina hari azken agurra eman ahal izateko eskulturgilearen omenezko kultur ekitaldia antolatu dute etzi, 20:00etan, Donostian, Zorroaga eliza zen eraikinean. Agurreko kultur ekitaldian parte hartuko dute, besteak beste, Andoni Egaña bertsolariak eta Mixel Etxekopar abeslariak.
Nestor Basterretxea Bermeon (Bizkaia) jaio zen 1924ko maiatzaren 6an. Arkitektoa izan nahi zuen gaztetatik, baina trabak topatu zituen bidean: 1936an, familiarekin erbesteratu zen Frantziara, eta II. Mundu Gerra hasi zenean Buenos Airesera joan ziren. Publizitaterako hainbat marrazki egin zituen, eta orduan ekin zion ibilbide artistikoari. Hogei urte baino ez zituen, eta marrazkilari trebea zen. Arkitektura tekniko ikasketak hasita bazituen ere, diseinatzaile gisa ari zen; Emilio Pettoruti margolari argentinarra zuen irakasle. 11 urte igaro zituen han. Bi gerrekin batera bizitzea suertatu zitzaion arren, sekula ez zuen “euskal sentimendua” galdu. Politikarekin ere hartu-eman estua zuen. EAJko familia baten seme, EAko militantea izan zen hainbat urtez.
Ezkonduta itzuli zen sorterrira 1952an, eta Arantzazuko Basilikako kriptako muralak egiteko eskatu zioten. Jorge Oteizak bultzatuta, hormairudia egiteko lehiaketara aurkeztu zen; baita irabazi ere. Hego Amerikako muralgintza berea zuen. Urtetako lanaren ostean, dena dela, Vaticanoren debekua jaso, eta bertan behera utzi behar izan zuen. Artistaren bizitzako zauri handietariko bat ireki zuen ezezkoak. Kolpe latza jaso zuen. Lanaren erdia egina zuen ordurako, baina 1984ra arte ezin izan zuen amaitu. Kriptarako egin zituen
hasierako zirriborroak bildu zituzten iazko abuztuan Jorge Oteiza museoan, Altzuzan (Nafarroa).
Bi talde artistiko esanguratsuren bultzatzaile izan zen: 1957an, Grupo 57 abangoardiako taldea sortu zuen Jorge Oteiza eta Agustin Ibarrolarekin; 1966an, berriz, Gaur taldea jarri zuen martxan Oteiza berarekin eta Eduardo Txillidarekin. 1958an albo batera utzi zuen eskultura, eta orduz geroztik eskulturan aritu da gehienetan. Basterretxearen obra entzutetsuenak dira Eusko Legebiltzarreko buruan dagoen zazpi adarreko egurrezko zuhaitza, Donostiako bakearen usoa eta Renoko (AEB) euskal artzainei eskainitako monumentua.